Gaur goizean egindako aurkezpen ekitaldian, Jose Antonio Agirreren irudiak duen garrantzia goraipàtu du Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak. Besteak beste, politikagintzara bertoko udal mandataria izanik iritsi zela azpimarratu du eta, hortik, Eusko Jaurlaritzako aurreneko lehendakaria izan zela. Erbestean zegoela, gaur egun Europako Batasuna bezala ezagutzen denaren sustatzaileetako bat ere izan zela nabarmendu du Zarraoak. "Lagunek zein arerioek traza handiko politikotzat jo dute beti Agirre", adierazi du. Halaber, Bilbon jaio zen arren, getxoztartzat hartua izan dela azpimarratu du alkateak, bertoko udal mandataria izateaz gain, bere bi seme herrian bizi direlako.
Josebak, Jose Antonio Agirreren seme nagusiak, berriz, erakusketan ikusgai dauden idatzien garrantzia azpimarratu du. Hauek "De Gernika a Nueva York, pasando por Berlín" titulupeko liburua osatu zuten eta bertan Europan zeuden indar faxistengandik ihes egiten zegoela egunez egun bizi izandakoa azaltzen da. Aipatu idatziak, naziek harrapatu ez zitzaten, bere arreba Aintzanek zeukan panpinaren buru barruan atera behar izan zituztela gogoratu du Joseba Agirrek.
Horretaz gain, Agirre familiarentzat urria hilabeteak duen garrantzia ere aipatu du Getxoko alkate eta Eusko Jaurlaritzako aurreneko lehendakaria izan zenaren seme nagusiak. Besteak beste, 1936ko urriaren 1ean Gorte Espainiarretan lehen euskal estatutoa bozkatu zelako eta sei egun geroago, urriaren 7an, "Francoren kontrako indarren lehen euskal gobernua osatu zelako" Gernikan. Bestalde, 1839ko urriaren 25ean, Jose Antonio Agirreren hitzetan, "monarkia borbonikoak Euskal Herriari foruak kendu zizkion" eta azkenik 1987ko urriaren 6an Mari Zabala, Jose Antonio Agirreren emaztea hil zen. Seme nagusiak, Josebak omenaldi bat eskaini nahi izan dio gaur.
Jose Antonio Agirreri buruzko liburua kaleratuko du Getxoko Kultur Etxeak
Bere jaiotzaren mendeurrenarekin bat eginez, Jose Antonio Agirre Athletic-eko jokalari, udalerriko alkate eta Eusko Jaurlaritzako aurreneko lehendakaria izan zenaren omenezko liburua argitaratuko du Getxoko Kultur Etxeak. Udal getxoztarrak osorik ordainduta, Elias Amezaga idazle ospetsuak sinatuko du lana eta "ikuspegi gizatiar batetik Agirreren bizitza eta izaerara hurbilpena egin nahi dute".
Horretaz gain, Areetako Mesedeetako Amaren elizaren arkitekturari eta ehun urte beteko dituen Artzain Jainkotiar Amaren ikastetxeari buruzko beste bi liburu argitaratuko dituzte hemendik gutxira.