Getxoko XXII. Antzerki Jardunaldiko antolatzaileek emanaldi oro jasotzen duen programa aberatsa osatu dute; gai, genero, hizkuntza edo antzerki eremu bat edo beste izan, obra asko ikusleek berek babestu dituzte estreinatu zirenetik. Horiek hala, jardunaldi horiek italiar erako antzerkia eta kale antzerkia bilduko dituzte; obra klasikoak eta garaikideak; komediak eta dramak; barneko antzezlanak, antzerki lan handiak, euskarazko eta gaztelaniazko lanak eta, azken batean, eskaintza askotariko batek jaso dezakeen guztia.
Lan nagusien artean daude, besteak beste: Ados Antzerki Taldearen Dekameroia / El decamerón; T(arte)an konpainiaren Sonata en un segundo... y pico; Kanpingags taldearen Ezetz lepoa jarri! / Por los pelos; eta Tanttakaren Paradero desconocido. Eta estreinaldiak ere egongo dira, Deabru Beltzak taldearen "Hadi hadi" antzezlana, hurrenez hurren.
Horietariko berriena Dekameroia da eta horrek zabalduko ditu jardunaldiak. Boccacioren lanik garrantzitsuena da. Florentzian girotzen da, 1348. urtean, izurritea zabaldu zen urtean. Horretaz babesteko, ondo hezitako lagun talde bat hiritik kanpo dagoen etxe batean ixten da. Antzezlan errespetugabea eta bizi-pozaduna da, eta ikusten da nola erabili behar den barrea heriotzaren aurkako antitodo gisa. Garbi Losadak zuzendu du antzezlan hori, eta Javier Barandiaran, Josean Bengoetxea, Jon Ezkurdia, Alvaro Garaialde eta Martxelo Rubio dira antzezleak.
Haurrentzako emanaldiak
Haurrak dira etorkizuneko ikusleak, eta orain ere hainbat emanaldi berezi egongo da txikientzat. Lan dibertigarri asko izango da, besteak beste: Giriguai!, Ibaitxu, burdinaren lamia, Kuko, Truko eta Bolenwaider... munduan zehar, Historias de juguetes, Circo Kapikua, Adi Adi, Klaketa eta Errauskine. Txotxongilo, zirku ikuskizun eta pailazo emanaldiak izango dira.
Hain zuzen ere, ikusle berriak erakartzeko jarri dituzte haurrentzako emanaldiak eta kale antzerkia. Getxo Antzokian izango diren antzezlanetarako ere "guztien eskura dauden salneurriak" jarri nahi izan dituzte, antolatzaileek aipatu dutenez.
Herriko talderik ez
Aurreko urtetan udalerriko antzerki talde bat edo beste parte hartu duen arren, aurtengoan bertoko konpainiarik ez dago Getxoko Antzerki Jardunaldietan. Hala ere, agertokira igoko diren taldeen artean getxoztarrak badaude. Besteak beste, Garbi Losada algortarrak zuzendu du Adosen "Dekameroia", eta Kanpingags taldean Asier Hormaza ere badago.