Aiboan arrapala mekanikoak jartzea eskatu du Getxoko PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 16a, 19:14

Tokiko Gobernu Batzordea Aiboan arrapala edo eskailera mekanikoak jartzera premiatzeko mozioa aurkeztuko du hurrengo udalbatzan (urriak 29) Getxoko PSE-EEk. Izan ere, Txakursolo kaletik metro geltokira heltzeko "zailtasunak" dituztela diote bertoko auzotarrek eta hainbat sinadura aurkeztu zituzten orain egun batzuk udaletxean, "arazoa konpon dadila eskatzeko". Iñaki Zarraoa alkateak aipatu zuenez, "berrehun baino apur bat gutxiago" ziren sinadurak. Luis Almansa sozialisten bozeramaleak, aldiz, zazpiehun inguru direla adierazi eta aipatu eskaera izenpetu dutenei "trufa eta mespretxu" egitea egotzi dio udal mandatariari, "ekimenak daukan auzotarren babesa faltsutzeaz gain, arazoari garrantzia kendu eta paso egiten ari delako".

Orain astebete inguru Zarraoak aiderazi zuenez, Agintaldi Planak (2004-2007) gune horretan jardutea aurrikusten du. Hala ere, ez da aurten, ezta datorren urtean izango "baliabideak mugatuak izanik lehentasunen arabera kudeatu behar direlako". Hori ere gezurtatu egin nahi izan du Almansak atzo kaleratutako prentsa oharraren bidez. "Ez da egia EAJ, EA eta IU-EBren Agintaldi Planak Aiboan oztopo arkitektoniko zein orografikoak kentzeko lanak egitea jasotzen duenik", aipatzen du zinegotzi sozialistak. "Auzotarren eskaera aintzat hartzekotan 2007tik aurrera izango litzateke", jarraitzen du.

Horretaz gain, Almansaren arabera, alkateak ongi baino hobeto ezagutzen du ekimenaren garrantzia "eskaerarekin batera bakoitzak 55 sinadura zeramatzan 14 orri aurkeztu zituztelako auzotarrek". Hori dela eta, obra horiek hurrengo aurrekontuetan sar daitezela eskatuko du urriko udalbatzan Getxoko PSE-EEk, "lanak horrenbeste atzeratzeak metroko erabiltzaileentzako kalteak areagotzea litzatekeelako".

Metro geltokitik udaletxera

Jarri aurretik, Aiboako arrapala edo eskailera mekanikoak izan dezaketen "erabiltzaile kopurua" aztertu nahi du Getxoko Udalak, Zarraoak aipatu zuenez. Halaber, metro geltokitik udaletxera bertara ere horrelako mekanismoak ipintzeak eduki litzakeen onurak ikertu nahi dituzte.

Beste alde batetik, erabiliaren erabiliaz lorategian sortutako metro geltokirako bidexkan zoladura jartzeko eskatu dute auzotarrek. Ahal den lasterren konpontzea aztertzen ari direla aipatu zuen alkateak. Trenbidearen bestaldean, Udaltzaingoko komisariara doan bidea euria egiten duenean lokatzez betetzeak ere bertoko bizilagunen kexak eragin ditu.

Besteak beste, Bidezabal, Villamonte-Telletxe eta Ollarretxe-Villamonte tarteetan jarriko dituzte arrapala mekanikoak lehenago.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun