Ezer baino lehen, azal dezadan zertxobait legeaz. Izan ere, oso adierazgarria da zelan dagoen idatzita. Ez dio aitaren edo amaren abizenen artean aukera egin ahal izango denik, edo aurreantzan amaren abizean ere aukeratu hala izango dela umearentzat, ez. Abizenen ordena aldatu ahal izango dela dio. Horrela, hitzez hitz. Aldatu. Umeak, zilbor-hestearekin ez ezik, abizenekin jaioko balira bezala. Abizenak naturak emandako zeozer genetiko balitz bezala. Ondo jaio da, zorionak. Hiru kilo eta erdi ditu, gogoz egiten du negar, eta abizenak ere bere lekuan dauzka: aitarena lehenengo eta amarena ondoren.
Tira, neure esperientziaren berri eman behar nizuen, ezta? Bai ba, hara joan nintzen, Getxoko epaitegira (umeak Sopelako erregistroan daude, baina naturaren aurka jo nahi dugunok zeregin gehiago daukagu). Hantxe zegoen funtzionarioa zain. Nik: Umeari amaren abizena ipini behar diogu aurretik eta emaidazu behar den agiria, mesedez. Funtzionarioak: Abizenen ordena aldatuko duzue, beraz. Nik, berriro: Ez, aldatu ez, amarena ipiniko dugu aurretik, ez dugu ezer aldatuko. Funtzionarioak, apur bat hotzago: Horixe bada, aldatzea. Nik, ordurako nahiko hasarre: Parkatu, baina nire umea abizen barik jaio da, guztiz biluzik jaio ere, eta ez dago ezer aldatu beharrik! Sekula ez du aitaren abizena eduki amarenaren aurretik, beraz ezin ezer aldatu!. Eta holan ad eternum
Tira, funtzionario hermetikoari ez zion nire hasarrealdiak aldarteak ilundu. Berak, azkenean, berea egin zuen, hau da, abizenak aldatu, eppur si muove zioen garaipen aurpegiz. Okerrena da funtzioario hark benetan uste zuela nire alabaren abizenen ordena aldatzen ari zela. Eta berak bezala, sexuagatiko bazterketaren aurka daudela aldarrikatzen duten milaka lagunek.