Arrigunagako ibiltokia, hondartza eta haitzarteak argiztatuko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 19a, 00:04

Getxoko Udalak Arrigunagako ibiltokia, hondartza eta haitzarteetan argiztapen berria ipintzeko proiektua onartu du eta bere aurrekontua 72.362 eurotik gorakoa da. Gune horretako argiztapen berriak bi helburu ditu: hondartza egunean ordu gehiagoz erabili ahal izatea eta udalerrian apaingarri bat gehiago edukitzea, Tokiko Gobernu Batzarra herrirako erabakitako eraginkortasun energetikoaren ezaugarriei erantzuteaz gain. "Egungoa baino kontsumo txikiagoa eta etekin handiagoa izango ditu", aipatu du Zarraoak.

Egun diren argiak kendu egingo dira eta bi erako argiztapenak kokatuko dira: 250 watioko indarra duten proiektagailu bidezkoa, 10 metroko garaiera jarri eta hondartza ondoko ibiltokia argituko duela, eta 13 metroko garierara eta 2000 watioko indarra izango duten proiektagailu bidezkoa, hondartza bera eta itsasoko haitzarteak argituko dituela.

Argiztapen sistema hau Getxoko hiri barruko beste hondartza batzuetara heda daiteke, Ereaga edota Areetara, kasuak kasu, aurrekontuen arabera hartuko delarik erabakia.

Portu Zaharreko zabalgunean egokitze lanak

Beste alde batetik, Tokiko Gobernu Batzarrak 17.734 eurotan esleitu ditu Portu Zahar algortarreko zabalgune ondoko esparru bat egokitzeko lanak, lur-jausiak gertatzen diren gune baterako sarbidea galarazteko asmoz. "Ez dira lanak behin betiko egingo zabalgune osoan, amildegi ezegonkorra izanagatik lur-jausiak gertatzen direneko alde batean arazo txiki bat konpontzea baino. Inguru horretan behin baino gehiagotan jardun dugu baina ez da nahi bezain arrakastatsua gertatu", zehaztu du Zarraoak.

Behinola, Udalak marra horia margoztu zuen aparkatzea debekatuta zegoela adierazteko eta "lur-jausiengaitik eremu arriskutsua" zioten kartelak jarri ziren gidariak eta oinezkoak ohartarazteko, pertsona batzuk inolako kasurik egin ez bazieten ere. Geroago, hesiak kokatu ziren inguruan baina hauek ere ez dute eraginik izan. Honen aurrean, lan jakin batzuk egitea erabaki da eremu horretarako bidea zarratzeko eta, horien arabera, lorategi bat ipiniko da, 120x5 bat metroko azalerakoa, granitozko lorategi-zintarria, labarretik zerbait aldenduta. "Zintarriak garaiera jakin bat izango duenez gero, autoak eremu horretan aparkatu ez dutelakoan gaude, ondorioz, etorkizunean istripuak ekidituz", esan du azkenik alkate getxoztarrak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun