Eusko Legebiltzarreraino eraman du Leioako PPk "Ikastetxean Euskaraz Jolasten" ekimenari egindako kritika

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 20a, 00:19
"Leioako Udal Gobernuak jolas-orduetan eskola-umeak euskaraz hitzegitera behartu nahi dituela" salatu du gaur Gasteizen aipatu herriko zinegotzia ere den Iñaki Gamero legebiltzarkideak. Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuari hainbat galdera aurkeztu dizkio, Leioako zentro publikoetan abian jarriko den ekimenaren inguruan bere iritzia eman dezan. Gameroren ustez, "jolastokian olgetan edota jantokian bazkaltzen ari direla, neska-mutilak askatasun osoz komunika daitezen galarazteko maniobra baldarra baino ez da".
Hori dela eta, horrelako egitasmoak eskola-umeen une pribatuetan "eskua sartzea" suposatzen duenik uste ez duen azaltzeko eskatu dio Iztuetari. "Nahita erabiltzen duten hizkuntza aldatzera behartu nahi ditu umeak Leioako Udal Gobernuak imposatu nahi duen hizkuntz-ereduaren helburuak bete daitezen", adierazi du PPko legebiltzarkideak.

Horretaz gain, "euskararen erabilera sustatu beharrean, ekimenak euren jokoetan sartzen diren begiraleengan errefusa sortuko duenik" ez duen uste galdetu diote Iztuetari popularrek.

Gameroren hitzetan, "nahiz eta ikastetxeen barruan izan, instituzioek ezin dute eskua sartu hain pribatuak diren adin txikikoen harreman pertsonaletan. Lagunak, kirolak, jokoak eta, are gehiago, mintzatzeko hizkuntza erabakitzeko askatasuna kendu nahi diete". Iztueta "horrekin ados dagoen" jakin nahi du PPk.

Gaiaren inguruko berriak:

Euskararen erabilera sustatuko dute jolas-orduetan Leioako ikastetxeetan (2004 Urr 12)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun