Eraikina zaharberritu ondoren, "banan banako kalitatezko laguntza izateko auzokide getxoztarrek egiten duten eskaerari" erantzuten dio Jesusen Bihotza Udal Egoitzak. Instalakuntzak erakusteko egindako bisitaldian, udal erakunde honetako arduradunek "oso positibotzat" jo dute 1898az geroztik zerbitzua eskaintzen duen baina egungo kokapenean 1978tik dagoen eraikinaren birmoldapena.
Getxoko zahar-etxeak 139 toki ditu eta gaur egun 111 adineko dago bertan. Horietatik 41 lagun eraikina pasa den urtarrilaren 1ean berriro zabaldu eta gero sartu dira. Tokiak lau solairutan banatzen dira eta horietatik bat laster barru arazo psiko-geriatrikoak dituzten pertsonak hartzeko izango da.
Obrak bi urtez
Obren iraupena bi urtekoa izan da eta aurrekontua hiru milioi euro baino gehiagokoa. Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako inbertsioak eraikina berrantolatzeko ezezik instalakuntzak eta altzariak gaurkotzeko ere erabili dira. Jose Ramón Bilbao erakunde autonomo honetako zinegotzi arduradunaren arabera, "emaitza oso positiboa izan da, egoiliarrei banan banako laguntza ematen zaielako".
Jesusen Bihotza Udal Egoitzak 67 langile ditu eta horietatik 50ek harreman zuzena dute edadetuekin, nork bere lanaldian. Berezko zerbitzuez gain, egoiliarrei beste era bateko zerbitzuak ere eskaintzen zaizkie, hala nola, ileapaindegia eta podologiarena. Isabel Olabarriren ustez, "era honetan kalitatzeko zerbitzua ematen diete, erakunde guztietan bezala, oraindik hobe daitezkeen zenbait gauza geratu arren".
Gainera, harremanak errazteko sendeei ordutegi zabala eskaintzen zaie: 8:00etatik 22:00etara, eta tarte horretan bisiten sarrera-irteerak behar bezala zaintzen dituzte.
Gaiaren inguruko berriak:
Udal Egoitzako presidentea dimititu dezala eskatu du Getxoko PPk (2004 Urr 14)