Besteak beste, Fadurako frontoietan egindako berrikuntza lanak eta laster zabalduko diren kirol instalazio berriak direla eta egindako "inbertsio handiarekin" lotu zuen kiroldegiko salneurrien %10eko gorakada (gainontzeko tasak %3,5 igo diren bitartean) Getxoko Gobernu Batzordeak. Iñaki Zarraoa alkateak adierazi zuenez, "2005eko hasierako hilabeteetarako Fadurako kanpoko igerilekua klimatizatzeko lanak amaituta egongo dira eta lehenengo seihilekoaren erdialdean Gobelako Kiroldegia zabalduko da". Gainera, bazkideek edozein udal kirol instalazio erabili ahal izango dutela gogoratu zuen.
Tasa berriak erabakitzeko orduan bi faktore hartu direla kontutan azaldu zuen Zarraoak: "erabiltzaileek ordaindu ahal izan ditzatela. Baina aldi berean, kirol zerbitzuak erabiltzen ez dituztenek larregi ordaindu behar ez izatea zergen bidez. Bi talde horien arteko oreka egotea, alegia".
PPren kritikak
Hain zuzen ere, Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaleak egindako kritikei erantzunez eman zituen argibideak orain pare bat aste alkateak. Salneurri berriak bertan behera uztea eskatzeaz gain, "ordaindu beharrekoa modu arrazionalagoan ezartzeko", Gobelako Kiroldegi berriak ekarriko duen erabileraren gorakada ezagutzeko azterketa ekonomikoa egitea eskatu zion zinegotzi popularrak.
Zarraoak, aldiz, eskaerari ezezkoa eman eta Barakaldoko egoera jarri zuen mahaigainean, non PPkoa den Ogasun zinegotziak ere kirol instalazioen tasen %10eko igoera proposatu duen, Lasesarre Kiroldegi berria zabaltzeak gastu handiagoak sortuko dituela argudiatuz. "Udalerriko eta kiroldegiko izenak aldatuko baditugu badirudi Getxori buruz ari garela", adierazi zuen ironiaz udal mandatariak.
Halaber, igerilekuetan ikastaroak egiten dituztenak laguntzera doazenentzako txarteletako salneurriak "neurririk gabe" igo direla salatu zuen Arruek. Hala ere, gorakada ez dela PPko zinegotziak esandakoa "bezain handia" erantzun zuen Zarraoak. Alkatearen hitzetan, "orduko sei euro ordaindu beharko dutela dio Arruek, baina sei euro horiek eskolak irauten duten ordu guztietarako izango dira".