Lankidetza egitasmoetarako 28.800 euro emango dituzte Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 21a, 22:57

Guztira, 28.800 euro emango dizkie lau Gobernuz Kanpoko Erakunderi Getxoko Udala, sensibilizazio alorreko lankidetzako beste horrenbeste egitasmo aurrera eramateko. Iñaki Zarraoa alkatearen hitzetan, "ondo dago udal erakundeak garapen bidean dauden herrialdeen alde egitea. GKEek egiten duten lana ezagutzera ematea beharrezkoa da. Herritarrak lan horretan konprometitzea ere bai". Beharrizan handiak dituzten zenbait herrialdetan garapen lankidetzarako 16 proiekturi emandako 245.000 euroko dirulaguntzarekin bat egiten du oraingo erabakiak. Baita Euskal Fondoari eta udan beren etxeetan haurrak hartzen dituzten familiei emandakoarekin ere.

Mugarik Gabe GKEak 18.000 euro jasoko ditu VII."Getxotik Mundura", elkartasunaren aldeko astea antolatzeko, azaroaren 20tik 28ra. Aurreko urteotan bezala, egun horietan zenbait ekitaldi izango dira, tartean, erakusketak, eskola ekintzak, proiekzioak, hitzaldiak... Horiek guztiak garapen lankidetzaren aldeko sentsibilizazioa bultzatzeko. Gainera, aste horretan "Sahararen aldeko eguna" antolatuko du berriro Sahararen aldeko Getxoko ATFAL Elkarteak eta, horretarako, 800 euroko dirulaguntza jasoko du.

Beste alde batetik, 6.000 euro emango dizkiote Medicus Mundi Bizkaia taldeari "Ura eta osasuna" lelopeko egitasmorako eta 4.000 euro PTM mundubat elkarteari "Hormak bertan behera botatzen, errealitateak hurbiltzen" proiekturako. Bi ekimen hauek interesa agertzen duten udalerriko ikastetxeetan eramango dituzte aurrera, hainbat ekitaldien bitartez: hitzaldiak, erakusketak, proiekzioak... Lehendabizikoak uraren garrantziarekiko kontzienziazioa bultzatu nahi du, garapenerako ezinbesteko elementua eta gizarte guztien ongizatearen oinarria delako. Bigarren egitasmoa giza eskubideen defentsari buruz dihardu, ikuspegi desberdinetatik: demokrazia, generoen berdintasuna, bakea edota ekonomia-burujabetasuna, hurrenez hurren.

Gaiaren inguruko berriak:

Herrialde behartsuetan garapen egitasmoak abian jartzeko, hainbat GKE diruz lagundu ditu Getxoko Udalak (2004 Ira 30)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun