Ondarreta Abesbatzak emango dio hasiera Getxoko XXIV. Aste Koralari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 25a, 23:13

Getxoko XXIV. Nazioarteko Aste Koralaren edizioa ospatuko da bihartik ostiralera bitartean, Euskal Herriko, Erresuma Batuko, Lituaniako eta Finlandiako lau talderen partaidetzarekin. Bertan, errepertorio polifoniko anitza eskainiko da. Getxoko Kultur Etxeko iturriek jakinarazi dutenez, jaialdia "guztiz errotuta dago, musika mota horren zaleek oso gustoko baitute". Talde oso ezberdinak dira aurtengoak, kantatzen dituzten piezengatik (klasikoak, garaikideak, herrikoiak edota musika erlijiosoa), baita ahots motengatik ere (koral mistoak, haurren taldeak, emakumezkoak). Emanaldi guztiak Algortako Getxo Antzokian izango dire, 19:30etik aurrera, eta sarrera gonbidapenarekin izango da, Getxoko Kultur Etxean hartu beharrekoa.

Areetako Ondarreta Abesbatzak emango dio hasiera astearte honetan Aste Koralari. Talde beterano honek errepertorio anitza abestuko du, XV. eta XVI. mendeetako kantek, Errenazimentuko madrigalek eta tradiziozko abestiek osatua.

Hurrengo egunean, London abesbatzaren txanda izango da. 2000. urtean sortutako abesbatza misto hau Londresko ganbera abesbatza nagusienetariko bat da gaur egun. Urtero eskaintzen dituen kontzertu nagusiez gain, hiriburu osoan eta Ingalaterra hegoaldean gizarte ekintza garrantzitsuenetan parte hartzen du.

Aste Koraleko hirugarren jardunaldian Lituaniako Volunge Panevézys emakumezkoen taldea izango da. 1992an eratu zen abesbatza hau, Panevézys hiriko arlo intelektualetan dabiltzan emakumek osatua. Ordutik hona abesbatzak Lituania eta Europa osoan zehar kontzertu ugari eskaini ditu. Abesbatzaren errepertorioak estilo eta garai desberdinetako 150 abesti baino gehiago ditu, eta bereziki arreta eskaintzen dio Lituaniako eta atzerriko konpositore garaikideei.

Azkenik, Finlandiako Vox Aurea abesbatzak urrezko amaiera emango dio musikaz beteriko lau jardunaldiei. 11 eta 16 urte bitarteko 40 bat abeslari talentudunek osatzen dute taldea. Abesbatza honen zuzendaria Pekka Kostiainen maisua eta musika garaikideko konpositorea dugu.

Aurtengo edizioan, Errenazimentu klasikoez, konposizio barrokoez, berpizkundekoez, musika erlijiosoaz, profanoaz, umeentzako abestiez, euskal kantez eta, azken finean, orotariko lanez gozatu ahal izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun