Harley Davidsonek kontzesionarioa jarriko duenik ukatu du Erandioko alkateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 25a, 23:13

"Asmo txarrez" jokatzea eta enpresa ekimenak "eragotzi" nahi izatea egotzi dio PPri Mikel Arieta-araunabeñak

Erandioko PPren jokabidea "arduragabetzat eta asmo txarrekotzat" jo du Mikel Arieta-araunabeña alkateak, bere ustez, "alderdi horrek etengabe dabilelako aurkezten den edozein ekimen eragotzi nahian; gezurrak eta egi erdiak erabiliz, zalantzak eta susmoak eraginez, erabakiak hartzea motelduz eta Udalarentzat ez ezik herritarrentzat ere erabakigarriak diren ekimenak atzeratuz". Hain zuzen ere, hedabideetan Javier Ruiz popularren bozeramaleak egin duen azken salaketari erantzun nahi izan dio Arieta-araunabeñak. Herrian bertan, kontzesionarioa zabaltzeko, Harley Davidson motozikleta enpresa estatubatuarrari "legez kontrako" lizentzia eman nahi izatea egotzi zien udal arduradunei Erandioko PPko zinegotziak.

"Tamalgarriena ez da salaketa faltsua dela baieztatzea. Nola emango dugu lizentzia egitasmorik aurkeztu ez bada?. PPren jokabide baldarra, zitala eta axolagabea da lotsagarriena. Enpresa sustatzaileen interesa gain behera etorri dadila da euren asmoa, udalerrian inbertitu ez dezaten. Udal zein politika ikuspuntutik begiratuta guztiz deitoragarria da", salatu du alkateak.

Hori dela eta, "PSE-EE eta IU-EB egiten ari diren oposizio serio eta zintzoaren dinamikarekin bat egitea" eskatu die popularren ordezkariei, "Erandio eta erandioztar guztien onerako". Azkenik, udal gobernuak eta oposizioko gainontzeko alderdiek udalerria suspertzeko asmoan ez dutela amore emango adierazi du Arieta-araunabeñak, "ezegonkortasuna eta nahasmena sortzeko maniobrak egon arren".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun