Euskadiko Txapelketarako izen ematea ostegun honetara arte dago irekita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 27a, 20:28

Open mailan (surf zein bodyboardean), aurtengo denboraldiko probarik garrantzitsuenetariko bat (azken aurrekoa gainera) jokatuko da, asteburu honetan, Sopelako Arrietara hondartzan. Izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako kirolaririk onenak parte hartzen dute Euskadiko Txapelketan eta bertatik aterako dira 2004ko txapeldunak. Osteguna honetako 14:00ak arte eman daiteke izena Euskal Herriko Surf Federazioan (EHSF), e-posta edo fax bidez. Inskripzio kuota mailaren arabera izango da eta EHSFko kontu korrontean sartu beharko da dirua.

Gipuzkoako eta Bizkaiko ranking zerrendak erabiliz osatuko dute parte-hartzea Euskadiko Txapelketan. Besteak beste, surf zein bodyboardean, txapelketa probintzial bakoitzeko lehen zortzi sailkatuek hartu dezakete parte. Beste maila eta modalitateetan, berriz, lehen lau sailkatuak izango dira lehian.

Guztira, 104 kirolari izango dira Arrietarako uretan, honako mailetan banatuak: surfean, master, senior, open, 18 urtez azpikoak, 16 urtez azpikoak, 14 urtez azpikoak eta neskak; bodyboardean, open, 18 urtez azpikoak eta 16 urtez azpikoak; eta longboarda. Hainbeste parte hartzaile egongo denez, hiru egunez luzatuko da txapelketa, urriaren 30etik azaroaren 1era alegia.

"Txinpart" bodyboard bideoa

Besteak beste, Uribe Kosta, Hawaii eta Frantziako hondartzetan grabatutako bodyboardari buruzko bideoak ikusiko du argia abenduan, "Txinpart" izenburupean. Eskualdean kirol hori praktikatzeagatik ezagunak diren Egoitz Latalladek eta Pablo Calvok ekoiztu dute eta, David Perez, Aritz Larrinaga edota Antonio Ortiz bezalako sona handiko surflariak agertzen dira bertan. "Uribe Kostan dagoen surfzaletasunak eta, aldi berean, eskualdean horrela bideo gutxi ekoizteak bultzatu gaituzte "Txinpart" egitera", diote sortzaileek.

Gainera, Ohiuka, Gor eta Underhill Record disketxeen laguntzari esker, hainbat talde ezagunen abestiak entzun daitezke irudiekin batera: Idi Bihotz, Kerobia, Ileon, Mapple, Vodoo... "Irudiak ikusgarriak badira, are ikusgarriak izango dira musikarekin", adierazi dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun