Udalbiltzaren aldeko mozioa aurkeztu du Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 27a, 23:40

Ostiral honetan (urriak 29) izango den Udaleko Osoko Bilkurak eztabaidatu eta bozkatu dezan, Udalbiltza eta berau osatzen duten ezker abertzaleko hautetsien aldeko mozioa aurkeztu du Getxo Bizia herri plataformak. ETArekin zerikusia dutelakoan erakundeko 21 kide auziperatu ditu Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak eta horietako hiru, dagoeneko, kartzelan daude auzi honekin lotuta. Besteak beste, erakunde armatuko kide izatea eta berarentzat dirua biltzea egozten die, Udalbiltza "Ekinen, ETAren aparailu politikoaren, proiektua dela" ulertuta. Horretaz gain, "herritarren bozak aintzat hartuz", aipatu mozioa osoko bilkuraren gaiordenean sartu eta Pilar Askorbebeitia Getxo Biziaren "zilegizko" hautetsiaren parte hartzea udalbatzarrean berma dezala exijitzen diote Iñaki Zarraoa alkateari.

Ezker abertzaleak kudeatzen duen Udalbiltzako kide izateagatik auziperatuak izan diren 21 pertsonei ez ezik, aurretik prozesatuak izan direnei eta egun espetxean daudenei ere "elkartasun osoa" adieraztea eskatzen dio Udalari Getxo Biziak. Baita, Auzitegi Nazionalak abiaturiko "eraso berria onartezina" dela adieraztea eta Udalbiltzak "Euskal Herriaren eskubideen aitortzaren alde eta nazio eraikuntzaren alde egiten duen lana ezinbestekotzat" jotzea ere.

Bide batez, abuztuaren 30ean, Euskal Herriko hainbat eragile sozial, politiko eta sindikal esanguratsuek Euskalduna Jauregiaren aurrean kaleratutako adierazpenarekin bat egin eta "Euskal Herriari herri gisa dagozkion eskubideak aitortu behar zaizkiola, eta bide horretatik herri honek bizi duen gatazkaren konponbide demokratikoa etorriko dela" adieraztea eskatzen diote.

Irakurri mozioa osorik (pdf)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun