Zarraoak azaldu zuenez, Hiri Hondakin Solidoen Gunean hiru edukiontzi egongo dira, bertara botatzen den zaborra bildu eta zapaltzeko. Momentuz bi baino ez dituzte erabiliko, "biltzen den zabor kopurua ez delako horrenbesterako". Gerta liteke hirugarrena beste udalerri batzuei zerbitzua emateko erabiltzea, horrela eskatzen badute.
Garbilekua, berriz, egun osoan (24 orduz) egongo da zabalik, eta hondakin ezberdinak uzteko aukera izango dute getxoztarrek. Bertan ez dute ezarri pisu mugarik, beraz nahi beste zabor kopuru eraman daiteke. Era berean, etxeetan erabiltzen dugun olioa uzteko gunea jarriko dute bertan, baita material toxikoetarako ere.
Eguzki-panelak Gobelan
Faduran eta Etxezuriko babes ofizialeko etxebizitzenetan bezala, Gobelako Kiroldegiko teilatuan 70 eguzki-panel jarri ditu Getxoko Udalak, igerilekuen eta aldagelen ura berotzeko asmoz. Bakoitzak 2'10 metro koadroko neurria du, 147 metro koadroko azalera guztira. Iñaki Zarraoak aipatu duenez, urtero 3.000 euro aurreztuko dituzte horien bidez, eta CO2 emisioak ere murrizketa handia izango du.
Eraikuntza berriak energia aurrezteko beste sistemak ere baditu. Etorkizunean behar izan ezkero kongenerazio energetikoa-sistema ezartzeko aukera egongo da; horren bitartez energia garbia sortzen da gasa erabiliz. Honako hau Faduran ezarri dute jada. Hain zuzen ere, energia eraginkorra eta ingurumenaren babesaren barruan kokatzen dira jarduera guzti hauek. Alkateak gogoratu zuenez, Getxo Udalak saria jaso zuen orain gutxi Energia-EVE euskal entitatearen eskutik ingurugiroaren alde egindako ekimenengatik.
Gobela Kiroldegia 2005eko lehenengo hilabeteetan jarriko da martxan.
Gaiaren inguruko berriak:
Getxoko zabortegia ingurumen-gunea bilakatuko dute (2004 Uzt 16)