Kepa Saratxaga, Arkaitz Goikoetxea eta Endika Lejarzegi algortarren kontrako epaiketa atzeratu egin da
Azaroaren 2tik 5era bitartean, Espainiako Entzutegi Nazionalean iragarrita zegoen Kepa Saratxaga, Arkaitz Goikoetxea eta Endika Lejarzegi algortarren eta beste zortzi gazteen kontrako epaiketa atzeratu egin da, abokatuetako bat gaixorik dagoelako. Eta oraindik ez da zehaztu noiz egingo den. Hori dela-eta, egun horietarako antolatuta zeuden mobilizazioak ez dira egingo. Euren ukatu duten arren, 1999ko Gabonzahar gaueko 1:45ean Galdakaoko Guardia Zibilaren kuartelaren kontra Molotov koktelak eta suziriak bota eta guardia zibil bati bigarren graduko erredurak eragitea leporatzen diete. Bakoitzarentzat 22 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak.
Prestatuta zeuden mobilizazioak bertan behera gelditu badira ere, "auzi hau gizarteratzeko ahaleginetan" aurrera eramaten ari den kanpainarekin jarraituko duela adierazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, oraingo epaiketa "kasu isolatu bat ez" dela uste dutelako.
Oihu@ agerkari elektronikoan (2004 Urr 29) azaldutakoaren arabera, "sistemaren aurka mugitzen diren gazteen kontrako estrategia zehatz eta finko bati erantzuten dio, Euskal Herria zanpatzeko estrategiaren barruan. Aldiberean, azpimarratu nahi dugu estrategia honetan Ertzaintzak jokatzen duen zeregin errepresiboa".
Beste alde batetik, epaiketa honen harira Algortan egin diren hitzaldiak
Koska Irratiak (FM 108.0) grabatu eta emitituko dituela jakinarazi dute amnistiaren aldeko mugimendukoek. Hitzaldiak "guztiz interesgarritzat" jo dituzte, "ezin hobeto kokatzen dutelako gazteen kontrako estrategia honen nondik norakoak".
Gaiaren inguruko berriak:
Kepa Saratxaga, Endika Lejarzegi eta Arkaitz Goikoetxeari 22na urteko kartzel zigorra jarri nahi diete (2004 Urr 08)
Aimar Hidalgo Soto del Realetik Aranjuezera eraman dute
Ustez 2000ko abuztuan hainbat autobus eta kutxazain automatiko erretzeagatik, urriaren 20an atxilotutako Aimar Hidalgo algortarra Soto del Realetik Aranjuezeko kartzelara (Madrilen biak) eraman dute. Abokatuek errekurritu egin dute bere espetxeratze agindua, eta epailearen ebazpenaren zain dago. Izan ere, kale-istilu horiekin inolako zerikusirik daukanik ukatu du berak eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ere leporatzen zaizkion delituak "oraindik ondo argitu gabe" daudela adierazi du.
Egun berean atxilotu zuten beste bi gazteetako baten errekurtsoa epaileak onartu eta kalean da dagoeneko. Esan bezala, Ander Suberbiola gazte donostiarra libre geratu zen urriaren 26an, espetxeratu eta lau egunetara, 12.000 euroko fidantza ordainduta, Askatasunak jakinarazi zuenez. Xeber Zubiaga elorriotarra, aldiz, baliteke Soto del Realen egotea oraindik, bestelako albisterik ez baita izan.
Gaiaren inguruko berriak:
Aimar Hidalgori leporatutakoa zalantzan jarri du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (2004 Urr 28)
Beatriz Fernandezi urtebeteko zigorra jarri diezaiokete 30 gramo legamiagatik
Irailaren 17an, Fresnesera Anjel Otxoantesana bere mutil-laguna bisitatzera joan zenean, espetxera sartzeko paketean 30 gramo "Royal" legamia aurkitu ziotelako epaituko dute datorren asteazkenean (azaroak 3) Parisen Beatriz Fernandez algortarra. Atxilotu eta bi egunez Creteil-eko komisarian eduki zuen Frantziako poliziak. Bide batez, "estupefazienteak" sartu nahi izan zizkiola komunikabideetara zabaldu eta presoen familiarrak izaten diren mojen aterpetxea eta beste senideen ekipajeak miatzeko aprobetxatu zuen poliziak, Etxeratek adierazi zuenez. Komisarian "tratu iraingarriak" egin zizkiotela ere salatuko zuen Fernandezek. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, urtebeteko espetxe zigorra jarri ahan diote algortarrari. Gainera, harrez gero ezin du bere gizona bisitatu. (Gertakariak gogoratzeko ikusi
oihu@ 2004 Ira 29)
Gaiaren inguruko berriak:
Beatriz Fernandezek "tratu iraingarriak" egin zizkiotela salatuko du Frantziako epaitegian (2004 Urr 02)
Jabier Gallaga abenduaren 11an estraditatuko dute Espainiara
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, Jabi Gallaga euskal preso politikoa Muretetik Fresneseko espetxera (Frantzian biak) eraman dute. Jabi abenduaren 11n estraditatuko dute Espainiara. Jaiotzez Lasartekoa (Gipuzkoa) bada ere, bere gurasoak Algortan bizi dira. 1997ko azaroaren 26an atxilotu zuten Pluzunet herrian (Bretaña) eta Fresneseko espetxera sartu. 1999. urtean aldatu zuten Mureteko espetxera. Orain estradizioaren zain dago.
Albaro Arri urriaren 22an epaitu dute
Urriaren 1ean lekuko gisa deklaratu behar zuten bi guardia zibilak agertu ez zirelako atzeratu eta joan den ostiralean egin zioten epaiketa, Espainiako Entzutegi Nazionaleko 3. atalean, Albaro Arri "Muni" Algorta euskal preso politikoari. Fiskalak 12 urteko espetxe zigorra eskatu du beste atxilotu batek "Guardia Zibilaren aurrean torturak medio sinatu eta epailearen aurrean ukatu zuen deklarazio batean oinarrituta", Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez. "Kontua da leporatzen dizkioten gertaerak izan zirenean Muni Mexicon zegoela...", azaldu dute. Orain epaitegiaren ebazpenaren zain gelditu da. (Epaiketa honen gorabeherak:
oihu@ 2004 Urr 07)
Gaiaren inguruko berriak:
Atzeratu egin da Albaro Arri preso algortarraren aurkako epaiketa (2004 Urr 02)
Urriaren 1ean epaituko dute Madrilen Albaro Arri preso algortarra (2004 Ira 17)
Informazio gehiago:
e-mail:
oihua@barrutik.org
Oihu@ artxibategia:
fitxategi guztiak