Politikarien soldatak gora, udal tasak ere bai - Christian Reinicke

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 2a, 21:06

Azken urte hauetako eskumako politiken ezaugarrietako bat da, politika neoliberalak ezartzen dituzten horiek eurentzat soldata potoloak ahobatez onartzen dituztela. Gaia udal batzarretan agertzen den bakoitzean Zarraoa Getxoko alkateak argudio bakar gisa hurrengoa plazaratzen du, EUDELen adostutako irizpideen araberako soldatak baino ez dituztela onartzen eta beraz inork ez duela zertan asaldatu beharrik.

Baina EUDEL, Sainz de la Maza Leioako alkatea buru, udal politika neoliberalak bideratzeko CLUB bikaina da. PSE, PP eta EAJ-koak komunikabideetarako egunero elkarren kontrako mezuak egon daitezke botatzen, baina eurek jasoko dituzten diru sariak eta oinarrizko elementu antisozialak adosteko gosari edo bazkari bat, besterik ez dute behar.

Udal zerbitzuak hobetu gabe langilegoaren lan eta soldata baldintzak eskastera daramaten pribatizazio eta azpikontratazio politiketan beti daude ados. Desiratzen duten udal pertsonal plantilla eredua, zeregin gehienak azpikontratatuz teknikariz osatutako plantilla da, eta Getxon TAO-ko langileek edo Basaurin garbiketakoek burutu dutena bezalako, baldintza duinen aldeko langile borroka aurrean dutenean, ardurak gainetik kentzen saiatzen dira. Administrazioaren euskalduntzerako ere ardurak saihesteko azpikontratazioak oso baliagarri zaizkie, azpikontratatuak euskalduntze estatistika guztietatik eta iniziatiba gehien gehienetatik kanpo daudelako. Langile azpikontratatuak gainera ezin du baldintza berdinetan euskara ikasi.

Udal tasei dagokienez ere funtsean ados daude EUDELeko CLUBeko horiek: Gehien daukanari zerga presioa jeitsi ahal izateko, herritarrak zerbitzuak ordaindu egin behar ditu. Zarama bilketa edo estolderia bezalako oinarrizko udal zerbitzuen tasak igotzeko joera, zarama bilketak %30eko garestitzea izan du 2004an Getxon, horretan oinarritzen da.

Kiroldegiko tasei dagokienez berdin. Datorren urterako Fadurako tasak %10ean igo nahi dituzte eta igerilekuetarako sarrera bakoitzari €uro bateko ordainsari berria ezarri nahi diote. Kiroldegira ez doanak ez duela zertan besteen afizioa subentzionatu beharrik argudiatzen dute, baina prezioak garestituz askoren kirol, aisialdi eta osasunerako aukerak murrizten dituzte, instalazio eta zerbitzuen izaera publikoa ahulduz.

Eskumako politika hauek indarrean jarriz EAJ, EA eta Ezker Batua ditugu Getxon. EA bezala, badirudi Ezker Batua noiz edo noiz komunikabideetan eta argazkietan agertzearekin konformatu egiten dela eta animosoki altzatzen dituzte eskuak ingurugiroaren kontrako hirigintza proiektuak edo hurrengo urterako tasa igoerak bozkatzen direnean. Eta esan dut “dituzte”, hauteskundeetan zinegotzi bat izateko moduko boz kopurua jaso bazuen ere, Ezker Batuak, Aznar eta enparauek aginduta bezala, bi ordezkari jezartzen dituelako udal batzarretan.

Hautespen unibertsalaren alde eta zerbitzu publikoen alde, tasa igoera hauen kontra protesta egiteko eta udal hautetsi izaera ez duen Aitor Lafuente Ezker Batuko bigarren ordekariaren dimisioa exijitzeko, Getxo Bizia herri plataformak alegazio eredu bat prestatu du, jadanik ehundik gora getxoztarrek sinatu dutena. Egun hauetan eta udal tasa eta zerga berrien aurrean alegazioak aurkezteko epea bukatzen den azaroaren 11 arte, eskuz esku eta kalean kanpaina hau zabaltzen arituko gara. Informazio gehiagorako edo sinatzeko prestatu dugun ereduaren kopia nahi baduzu, info@getxobizia.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun