Orain urte batzuk hitzarmena sinatu zuten Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, pixkanaka pixkanaka foru erakundearenak ziren udalerriko errepideak udalaren eskuetan uzteko. Momentuz horrelako ekimenak aurrera eraman dituzte Algortako Etorbidean (Triangelutik Sarrikobasoraino) eta Malakatetako etorbidean (Fadurako errotondatik Triangeluraino).
Bestelako zirkulazio aldaketak
Ostiral honetan (azaroak 5) hainbat lan egingo dituzte Getxo auzoko Galearako errepidean, oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioaren baldintzak hobetzeko asmoz. Besteak beste, kalea identifikatzeko plaka eta "Ibiltzea debekatuta garajeak izan ezik" dioen zutikako seinaleztapena ezarriko dute. Horretaz gain, "sarbide debekatua" dioen plaka ezarri eta jardinerak kenduko dituzte, Aixerrota kalea Aingeruaren etorbidearekin bat egiten duen tokian.
Beste alde batetik, ibilgailuentzako norabide bakarra ezarri dute Gobelbide kalean, Leioako etorbiderako norabidean, trafikoko baldintzak hobetzeko. Aipatu neurria gaur bertan sartu da indarrean.
Azkenik, urriaren 28an sartu zen indarrean Algortako Arkotxa kalean (Foruak eta Martikoena artean) ibilgailuentzako norabide bakarra jartzeko erabakia. Aparkatzeko lekua kalearen albo batean mantendu dute.
Aipatu neurriengatik sor daitezkeen eragozpenak direla eta barkamena eskatu du Getxoko Udalak.