Gaur zabaldu dituzte haurrentzako kale ludotekak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 5a, 21:59

Abenduaren 18ra arte, ludoteka egongo da ostiral eta larunbatean Algortako Telletxe eta Areetako Xake plazetan, 5 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzat. "Hezten jolastu, jolasean hezi" lelopean, umeek aisialdirako alternatiba bat izatea du helburu Getxo Udalako Gazte Sailak antolatutako ekimenak. Besteak beste, "hezkuntza bultzatu nahi da balore eta harreman pertsonalen bitartez, harremanak umeekin eta pertsona helduekin", Imanol Landa Presidentzia arloko zinegotziak azaldutakoaren arabera.

Algortan ostiraletan egongo da ludotekaz gozatzeko aukera 17:00etatik 19:30ak arte. Areetan, berriz, larunbat goizetan, 11:00etatik 14:00ak arte. Eguraldi txarra egiten badu Algortako Zabala ikastetxean eta Areetako eskoletako enparantzan jarriko dute, hurrenez hurren. Baita abenduaren 11an (igandea) ere, Komikiaren Azoka delako.

Ludoteken bitartez umeen aisia bultzatu nahi dute, autogestioa dela medio, sormena lantzeko eta gizarte baloreak (elkarren arteko harremana, errespetua... ) ezagutarazteko. Modu berean jokuek umeen bizitzan duten garrantzia erakutsi nahi diete gurasoei, eta bere seme-alabek nola jolasten duten ikusteko aukera eman. Aktibitateen artean herri kirolak, jolas erraldoiak, euskal jolasak, olinpiadak, gaztelu puzgarriak eta sormena lantzeko tailerrak egongo dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun