Orain arte ehundik gora alegazio aurkeztu dira jada udal erregistroetan eta beste horrenbeste bilduta daude hurrengo egunetan erregistratzeko prest, Getxo Bizia herri plataformako kideek jakinarazi dutenez. Euren hitzetan, "soldatak errez igotzen dituzten bezala, mandatari neoliberalek herritar xeheari aterarazi nahi diote azken izerdi tanta". Izan ere, udal zerbitzu guztien prezioa kostuarekin parekatu nahi izatea egotzi diete tokiko agintariei, "aberastasunaren birbanaketa ekiditu eta diru sarrera arruntak dituenari zerbitzuez gozatzeko aukerak mugatuz".
Gogoratu dutenez, urtarrilean %30 igo zuen zarama bilketarako tasa Getxoko Udalak. Ondorioz, "berdin berdin ordaintzen du 60 metro koadroko etxebizitzan zein Neguriko lorategidun jauregian bizi denak", adierazi dute. Datorren urte hasierarako, berriz, igerilekuetara sartzeko euro bat ordaindu behar izateaz gain, orohar, Fadurako tasa guztiak %10 igoko dira, "aisialdia eta osasuna gero eta garestiago eginez" ezker abertzaleko kideen hitzetan. Azken urteotan Jesusen Biotza Udal Egoitzan izango diren tasa igoera "nabarmenak" ere gogoan izan dituzte.
Aldaketa guzti horiek onartzeko, "herritarrek hauteskundeetan bozkatutakoa aintzat hartu gabe, Getxo Biziari dagokion zinegotzi postuaz baliatzea" leporatu diete udal gobernua osatzen duten EAJ, EA eta EB alderdiei. Hori dela eta, "agintarien gehiegikeriei aurre egiteko eta apartheid egoerarekin lehenbailehen bukatzeko", alegazio kanpainan parte hartzera deitzen dituzte getxoztar guztiak.