Heldutasun mailaren garapena? - Unai Garate / gidoigilea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 5a, 22:01

Demokrata edo errepublikanoa, “zein baino zein okerragoa” da hurrenen daukadan jendearen ustea, AEBetako hautesleen heldutasun maila agerian geratu da ostera be, agintzen gaituzten politikarieen ustetan. Negua gainera datorkigu, hodei grisak gailentzen hasi dira dagoeneko, hotza sartuko da leihoaren zirrikituetatik, eta gaueko ordu txikiei ez zaie aterkia faltako hemendik aurrera.

Arafat rais-a hilzorian dago, mendebaldeko herri garatuek erabakiko dute jakina!, non zendu behar duen, nora bidali hilkutxa, eta nola palestinatarrei zerua mugatu, edo dena delakoa, hil ostean ere bai.

Algecirasen ehundaka gaztek paketeak jaurti egiten dituzte egunero, sei metrotako hezi baten gainetik, heziaz bestalde dagoen Marokon, senide edo lagunek har ditzaten. Pakete horietan komuneko papera eta bigarren zein laugarren eskuko arropa doa ilegalki. Jaurtiketa klandestinoak egunero, banatuta dauden bi munduen isla, edonork hunki dezakeen irudia.

Europan, artean, Putinen sarraskiak eta jokaldi itsusi zein antidemokratioak ahaztu egiten dira denbora igaro ahala, zirkoen presentziarekin gertatzen den moduan. Azken finean, errentagarriagoa da lau sukaldari famatu auziperatzea, Madrilgo audientzia nazionalean pintxo bereziak prestatzeko sekretua konta dezaten mehatxupean. Itxura hobeagoa du horrek, demokratikoagoa, biztanlegoaren babeserako sendoagoa.

Beste lau negu bizi izango ditugu AEB ezkutuko absolutismoaren pean, aipatu gertaerak zein bestelakoak izan (zeru estaliak gailenduko direla esan dugu), lasai egon zaitezkete mendebaldeko biztanle, demokraziaren izenean, gaizkile eta hiltzaileetatik babestuko gaituztela zin egingo digutelako behin eta berriz.

Munduko handienen nazioarteko harremanak gure lasaigarririk aproposena direlakoan, ekin diezaiogun negu berriari lasai.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun