Getxoko Udaltzaingoak Marokoko nazionalitatea duten hiru gazte atxilotu ditu, asteburu honetan, Algortako Makaleta etorbidean aparkatuta zegoen auto bat lapurtzen saiatzea leporatuta. A.A.W. 18 urtekoa eta S.H. eta M.O. 20 urtetakoak biak, ustez, Nissan Micra markako autoa osten ari zirela atzeman zituzten larunbatean (azaroak 6), arratsaldeko 15:30ak aldera. Atea eta leihatila apurtu zioten kotxeari. Atxilotutakoak epailearen esku geratu ziren, horietako bat aurretik 43 aldiz baino gehiagotan atxilotua izan ondoren.
Horretaz gain, Errumaniako hiru lagun atxilotu zituzten herenegun goizaldean udaltzainek, ustez, Algortako gasolindegiko garbitzeko makinen dirua lapurtzen saiatzeagatik. Euren autoan euro bateko eta euro biko txanponak eta zenbait erreminta zituen poltsa aurkitu zuten. Eta gasolindegia arakatu ondoren, makinak bortxatuta zeudela egiaztatu eta atxilotuak lapurretarekin lotzen zituen aztarnak ere aurkitu zituzten.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.