Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua honek fundatzailea izatea du helburu. Fundatzaile eta abiapuntua, zehaztu du Basterretxeak. Izan ere, euskarazko komunikazio-esparrua badela egiaztatu du Kongresuak.
Helburuak
EHUko irakasle Jose Inazio Basterretxeak hiru helburu zirroborratu ditu:
- Kazetari, Administrazioko langile, ikasle eta irakasleen eztabaidagunea izatea.
- Euskarazko Kazetaritzaren diagnostikoa egitea, indarguneak eta ahuleziak azpimarratuz.
- Euskarazko komunikabideen arteko konfidantza harremanak garatzea, proiekzio urrats berriak emateko.
Egungo egoera
Berriako zuzendari Martxelo Otamendik azken 30 urteotako jausia kuantitatiboki handia izan bada ere, oraindik ere oinarrizko egoeran gaudela azpimarratu du. Hortaz, gizarte normalizatu eta estandard batek behar dituen azpiegitura guztiak sortzen gabiltza oraindik, adierazi du.
Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) lehendakari Tere Irastortzak euskarazko hedabideen jarduera azpimarratu du. Hizkuntza idatzia suspertu ahal, euskal kultura indartzen dela azaldu du Irastortzak. Hortaz, literatura idazleekin lotzeaz gain, kazetarien jarduna ere kontuan hartu beharko genukela adierazi du.
UEUko (Udako Euskal Unibertsitateko) zuzendari Aitzpea Leizaolak unibertsitateak euskarazko kazetaritza suspertzeko egin duen ahalegina ekarri du gogora. Hortaz, ikerketa lerro berriak zabaltzearen alde agertu da.
Aurrera begira
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko zuzendari Jasone Mendizabalek etorkizun baikorra irudikatu du. Orain 30 urterekin alderatuta, sei kazetari izatetik ia 600era pasatu gara, azaldu du. Euskarazko Kazetaritzaren 1. Kongresu honek gure esparruak dituen hutsune handiez jabetzera eragingo digu. Horrela, horiexek zuzendu ahal izateko eta horretarako borondatea izanik, etorkizuneko proiektuak ere azaldu behar direla azpimarratu du Mendizabalek. Horregatik, erronka nagusia ostiraletik aurrerakoa izango dela adierazi du.
Gaiaren inguruko berriak:
Sektorearen etorkizunaz gogoeta egingo dute etzitik aurrera Bilbon - Berria (2004 Aza 07)
Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuak euskal komunikabideen ibilbidea eta erronkak aztertuko ditu (2004 Ira 29)