Osasun eskubidea Brievan - Aiboa Casares / Segiko kide presoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 9a, 19:22
Brievan preso gauden euskal preso politikook erakunde eta eragile ezberdinei helarazi diegu idatzi hau, bertako osasun zerbitzuari buruz, eta zehazki ginekologia zerbitzuari buruz, informatu eta hura salatzeko helburuarekin.
Lehenik eta behin esan, espetxe hori soilik emakume presoentzat izanik, bertako osasun talde eta zerbitzua espezialistarik gabeko medikuntza orokorreko sendagilez osatua dagoela zenbait erizainekin batera. Bestalde, osasun zerbitzu horrek ez du ginekologian espezializatu den sendagilerik. Espetxera etortzen den ginekologoa enpresa pribatu batetik dator, espetxearekin hitzarmen bat baitu enpresa horrek. Urteak dira Brievako presoek zerbitzu kaskar hori dutela, horregatik 2001 ean euskal preso politikoek kexa bat aurkeztu zuten zegokien epaitegian (Valladolideko Espetxe Zaintza Epaitegia). Epaia kexa-jartzaileen aldekoa izan zen, eta, ondorioz, espetxeari, gutxienez hilabetean behin, ginekologia zerbitzua eskaintzeko betebeharra ezarri zion.

Gaur egun, nahiz eta espetxeak epaiaren araberako zerbitzu minimo hori betetzen duela esan, errea- litatea bestelakoa da, zortzi hilabete itxaron behar izan duen kasurik ere izan baita.

Dena den, epaia beteko balute ere, zerbitzu eskasa dela uste dugu emakumezkoentzat soilik den espetxe batean, gauden preso kopurua kontuan hartuta eta ginekologoa hilean behin soilik etortzen denez (ez beti), hilabete asko egon behar baitugu kontsultaren zain eta gaixoen jarraipena ere ez baita behar bezala egiten. Horregatik kontsulta 15 egunero egitea beharrezkoa dela uste dugu; izan ere, agerikoa da kontsulta zerbitzu horren eraginkortasun eskasa: hilean behin etorrita ere dagoen eskaera eta beharrari ezin diote aurre egin, presoari eskaintzen dioten kontsulta denbora laburra da oso, kontsulta aurretik ez dituzte gure medikuntza datuak aztertzen, ezta kontuan hartzen ere, ondorioz askotan hilerokoa dugula deitzen gaituzte kontsultara, kontsulta egokia eragotziz eta asistentzia medikua atzeratuz.

Gaur egun gutxi gorabehera 200 gara espetxe horretan preso gauden emakumeak, eta horien artean handia da gorputz eta sexualitateari buruzko ezagutza falta. Era berean, jakina da ugalketa organoek izan ditzaketen gaixotasunak ekiditeko modurik eraginkorrena espezialistaren jarraipen egoki eta iraunkorra dela. Hemen bizi behar dugun emakumeak behar bezala informatzeak eta hezteak ere espezialistaren lana izan beharko luke; antisorgailu motei buruz, kartzelan hain arrunta diren sexu bidezko gaixotasunak saihesteko moduei buruz, eta abar...

Aipatu dugun guztiagatik espetxe horretan ematen diguten ginekologia zerbitzua ez dela eraginkorra salatu nahi dugu. Salatzeaz gain, gure kezka konpartituko duzuelakoan, bai zuei eta bai beste hainbat eragile eta erakundeei esfortzu bat eskatzen dizuegu egoera hau alda dezagun. Horregatik beharrezkoa ikusten dugu egoera horren erantzule direnengana jotzea, dela espetxea, dela Osasun Ministerioa, emakume presoen osasun eskubide eta beharrak bete daitezen.

Artikulu hau Brievako kartzelan dituzten Oihane Baquedano, Olatz Dañobeitia eta beste hamabi euskal preso politikoek ere sinatzen dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun