Horretan oinarriturik, beste hizkuntza gutxituetako herrietako zenbait erakundeekin harremanak mantendu izan ditugu, globalizazioaren kontrako mugimenduaz eta Europako Itun Konstituzionalaz zeuden ikuspegietan sakontzeko. Horren emaitzaz, Galizako MDL, Cataluniako CAL, Galeseko Cymuned eta EHEk agiri bateratua eraman dugu Londresera, Hizkuntza guztiak berdintasunean, Europa aske batean izenpean.
Agiri horren bidez Itun Konstituzionalaren izaera baztertzailea salatu izan dugu eta globalizazioaren aurkako mugimenduari dei bat egin, gaur egun Europak duen hizkuntza aniztasuna mantendu dadin borrokatzeko. Ez da, orain artean behintzat, Europako Foro Sozialetan indar handia hartu duen gaia hizkuntza zapalkuntzarena. Baina geroz eta hizkuntza gutxituetako mugimendu gehiago batuz hizkuntza hauen benetako ofizialtasuna aldarrikatzea helburu izanik, hizkuntza aniztasunaren aldeko borrokak dagokion lekua har dezake, neoliberalismoaren aurkako borroka guztien arragoa izan nahi duen globalizazioaren aurkako mugimenduan. Ezberdintasunak biltzeko abiapuntu bakarra, ezberdintasun horien onarpenetik berbetan hastea da. Eta gure berbeta euskara da.
Estaturik gabeko hizkuntzen normalkuntzaren aldeko erakunde hauekin egindako harremanak, Foro Sozialaren baitan Mintegi bat ekarri zuen, hizkuntzen normalizazio prozesuen egoeraz eta Itun Konstituzionalak ekartzen dizkigun ondorio kaltegarriez mintzatu eta hausnartzeko. Aurretik aipatutako herriez gain Londreseko Kurduen Elkarteko kide baten parte hartzeaz burutu genuen 130 pertsonen aurrean. Denok bat etorri ginen Itun Konstituzionalak hizkuntza aniztasuna zapuzten duela, gure hizkuntzen ofizialtasuna ukatu eta milioika herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituen bezala eta bide horretatik, Europako hizkuntza eta herriak berdintasunean onartu barik, Itun hori gatazka iturri izango dela eta inola ere ez bilgune europarra. Katalanek zioten moduan: Sense el catalá, no és Europa!!!, katalanera gabe, ez da Europa.
Asteburu luze horretako igande eguerdian manifestazio mundiala egin zen, antza europarra zen arren. Horretan Katalunia, Galiza, Bretainia, Wales/Cymru eta Euskal Herriko hainbat kidek, Trafalgar Street-ra arteko lau ordutako bidea egin genuen, txirula, dultzaina eta gaita galiziarraren musikapean eta pankarta beraren atzean: Hizkuntza guztiak ofizialak Europa aske batean.
Foro Sozialaren balantzea oso baikorra dela deritzogu. Alde batetik, Parisen azken adierazpenak aipatzen zuen aniztasun kulturaletik Londreskora aniztasun linguistikora igaro garelako eta uste dugu horren garrantzia handia dela.
Bestetik, Europako Itun Konstituzionalaren aurrean eta honek gure herri eta hizkuntzei dakarzkien kalteak ikusirik, hizkuntza eta komunitateen eskubideen aldeko diskurtsoa eta mezua indartu delako. Eta azken batean, guzti hau lortzeko Foro Sozialean jarrita genituen erronkak beteak ikusi ditugulako.
Bide bat zabaldurik gelditu da hizkuntza zapalkuntza borrokatzen dugun taldeentzat globalizazioaren aurkako mugimenduaren baitan eta lehen mailako erasoa bihurtuko zaigu Itun Konstituzional horri aurre egiteko. Batetik, gure arteko harremanarekin aurrera jarraitzea erabaki dugu, maiztasun handiagoz egiteko gainera. Bestetik, beste herri batzuetako erakundeekin harremanetan jartzeko ahalegina egingo dugu.
Azkenik, jada ari gara pentsatzen datorren Foro Sozialean zein den eman beharreko pausua. Europa neoliberal honek estaturik gabeko hizkuntzak desagertzeko daraman bideari buelta eman nahi diogulako. Eta horretan, bakoitzak bere herrian egiten duen ahalegina garrantzitsuena izan arren, ezinbestekoa delako ere aniztasunaren batasunak ematen duen indarra baliatzea.
Iritzi artikulu hau Deia egunkarian argitaratua izan da 2004ko azaroaren 8an