Bestalde, datorren urtean Getxoko Kirol Portuan aurreikusita dauden Arraunketa Pabilioia eta Bela Eskola eraikitzen hastea espero dute. Izan ere, proiektu horiek aurrera eramateko zeuden zailtasunak konponduta geratu dira. Alde batetik, aipatutako egiturak eraikitzeko orubea utziko dio Getxoko Udalari Abra-Getxo Kirol Portua sozietate anonimoak; bestetik, bi mila metro koadroko azalera libre egongo da azkenean.
Horietatik mila bat metro koadro Arraunketa Pabilioia egiteko izango dira eta 400 metro koadro Bela Eskolarako. Lehenengoa herriko bi arraun taldeei utziko diete eta bigarrenaren ustiapena hirugarren bati emango diote. Datorren urteko aurrekontuen aurrerapenean 2005-2006 urteotarako diru kopuru zehatz bat gorde du Udalak eta lanei 2005ean hasiera eman ahal izatea espero dute.
Kirol Portuak itsasontziak konpontzeko zazpi tailer izango ditu
Horretaz gain, Getxoko Udalak bere oniritzia eman dio Kirol Portuko alde teknikoak pabilioi bat eraikitzeko proiektuari. Bertan itsasontziak konpontzeko 7 tailer izango dira, bakoitza 180 metro koadroko azalerarekin. Egitasmoa Getxo Kaia elkarteak eramango du aurrera eta aurrerantzean alokatu egingo ditu tailerrak. Pabilioien bidez itsasontziak konpontzeko orduan gaur egun dagoen gabeziari irtenbidea ematea espero dute, udaldiaren aurretiko eta ondorengo garaietan horren eskaera handia baitago. Gaur egun 500 bat itsasontzi daude Kirol Portuan eta guztira 800rentzako tokia dagoela zehaztu du alkateak. Pabilioi honen lanak 2005erako egongo dira amaituta.
Gaiaren inguruko berriak:
Bidaiarien gurutzuntzietarako kaiaren auzian "larderiatsu" jokatzea egotzi dio Zarraoari Getxoko PSE-EEk (2004 Ira 17)
Bidaiari gurutzuntzietarako kai berria Getxo udalerrian egingo dela baieztatu du Zarraoak (2004 Ira 08)