UPVren diru-kontuak - Antton Azkargorta / EHUtik kaleratutako irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 11a, 22:30

Hilaren zortzian Juan Ignacio Pérez Iglesias, UPVko errektoreak, Gasteizko legebiltzarraren aurrean unibertsitate publikoaren egoera ekonomikoa “kritikoa”, eta “tamalgarria eta dramatikoa” dela aitortu zuen. Egoera penagarri horren erantzukizuna Lakuako gobernuari leporatu zion, eta baita UPVren aldeko apustua egin dezala eskatu ere bai.

Nolanahi ere den, errektore jaunari ahaztu egin zitzaion gehitzea egoera negargarri horren erantzukizunaren parte bat behintzat, berak zuzentzen duen erakundeari dagokiola. Hots, une honetan UPVk duen 32 milioitako zorraren parte ez txikia, jakina denez, soilik irakasle batzuen artean (funtzionarioen artean, alegia) banatzen diren —batez ere Monteroren garaian banatu ziren— diru-gehigarriek egin dute. Gogoratu behar dugu diru-gehigarri horiek injustuak eta diskriminatzaileak direla, eta gehien kobratzen dutenen poltsikoak loditzeko baino ez dutela balio izan, eta horrek ez diola UPVri, kontrapartida gisara, inolako hobekuntzarik ekarri ez irakaskuntzan ez eta ikerkuntzan.

Pérez errektoreak kitatu nahi duen zorraren parte ederra ere historian zehar campus-aren “seguritatean” gastatutako ehundaka milioik eragindako zuloa dago: batez ere, polizia politikoaren lana bete izan duten zinpeko guardien soldatetan eta bideo-zaintzarako kamera sofistikatuetan.

Hortaz, UPVk pairatzen duen egoera penagarriaren erruaren parte eder bat instituzioak berak dauka. Nahiz eta, erantzukizun hori beste batzuei leporatzea errazagoa izan. Eta ez diot beste horiek berea ere ez daukatenik.

Baina sakoneko arazoa, ekonomikoa baino, politikoa da. Jada Ibarretxek berak ikasturtearen hasiera ofizialean kanpoko hezkuntza ereduak ez dituztela finantzatuko gogoratu zuen; ezen erkidegoak dirua ipintzen duen bitartean Madrilek legeak eta hori iruzur politikoa baino ez da. Beraz, zergatik finantzatu PPren lege batek —LOUk— (ez jaurlaritzak, ez eta unibertsitateak onartu ez zutena) ordenatzen duen unibertsitatea? Nola babestu unibertsitate-euskal legea garatzeko gauza ez den instituzioa, gobernu sozialistak errekurrituta baitauka? Zergatik gastatu aurrekontuak irakasleria ebaluatzeko euskal agentzia sortu, Irakaslego Propioa bilakatzeko eta euskal presoak bertan matrikulatzea bermatu ezin duen unibertsitatean? Absurdoa litzateke Euskal Herrian kokatuta baina goitik behera Madrildik zuzenduta dagoen unibertsitatean diru gehiegi botatzea. Hori da sakonean dagoen arazoa, eta errektoreak ongi ezagutzen duen arren, ez du legebiltzarrean premia ekonomikoaren atzean zer dagoen aipatu. Eskuduntza propiorik eta erabakiak hartzeko ahalmenik gabe oso zaila izango da instituzio autonomikoek berea ez den UPV behar beste laguntzea, horretarako beste eredu politikoki errentagarriagoak daude: Deusto eta Mondragon, alegia.

UPVk ez du etorkizunerako proiekturik. Euskal Herriko eraikuntza nazionalean parte hartzeko jokoz kanpo dago. Instituzio korporatibista izanik, taifa-erreinuetan dago zatituta, eta bakoitza berera dabil, herriaren arduretatik urrun, gizartearen zerbitzura egon beharrean. Hor dirurik sartu baino lehen, helburu, egitura eta praktiken erabateko aldaketa egin beharko litzateke, betiere Euskal Herria helburu izanik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun