Udalak urte osoan egin duen politika aztertu du Getxo Bizia plataformak Gara kazetarentzat. Plataforma abertzalearen ustez, etxebizitzak garestitzea arazo larrienetakoa da oraindik ere. Horrez gain, gaztetxeak, Lurralde Plan Partziala (LPP) eta zergen igoerak direla-eta, Iñaki Zarraoak eta haren lan-taldeak izandako jokaera kritikatu du.
Urtea bukatzear dago, eta, ohitura denez, iritzia emateko garaia hasten da. Gara-k Christian Reinicke Getxo Biziako kidearekin hitz egiteko aukera izan du, eta hark Iñaki Zarraoa alkatearen lan-taldeak urte osoan egindako lanaren gaineko iritzia eman du.
"PNV, EA eta EBren gobernu hirutarikoa hainbat egoera erabakiorretan guri dagokigun postuaz baliatu da, hauteskundeetan izandako emaitzak aintzat hartu gabe", nabarmendu du Reinickek.
Udal politikan, plataformaren ustez, herriko arazo larrienetako bat etxebizitzak garestitzea da oraindik ere. Etxebiden 2000 getxoztar inguru daude izena emanda, "baina 36 etxebizitza publiko bakarrik ari dira eraikitzen". Alde horretatik, Udala etxeen behealdeetan etxebizitzak egiteko baimenak ematen ari da, "baina eskandaluzko prezioetan saltzen ari dira. Promozio publiko eta alokairu sozialaren aldeko apustua egin behar dute".
Halaber, urte hasieran Udalak LPP dela-eta helarazitako argudiatze "testimonialak" kritikatu ditu. Izan ere, LPPk etxebizitza eta lurren "espekula-zioari bide ematen dio, eremu zabalen urbanizazioa dentsitate baxuan eginez". Alde horretatik, "Udalak eredu arrazionalagoa proposatzeko aukera galdu du. Gure ustez, dentsitate egokia eta urbanizatzeko diren eremuak murriztea baita etorkizuneko binomioa", esan du.
Gaztetxeak direla-eta istiluak izan dituzte Getxon. Aurten Erromo, Aixerrota eta Maidaganeko gaztetxeak hutsarazi ditu Udalak. Getxo Biziak uste du kultura ekimenak "polizia eta epaile bidez erreprimitzea" ez dela bide egokia. "Aitzitik, gazteei kultura eta gizarte ekimenetarako lokalak izateko eta berek kudeatzeko eskubidea onartu behar diete", adierazi dute.
Bestalde, Udal tasak eta zergak asko "goititu dituzte Getxo Biziari kendu dioten postua baliatuz". Izan ere, zarama biltzeko zerga %30 emendatu dute, Fadurako tasak %10, musika eskolakoak %5, eta estolderiari dagokiona %7 igo nahi dute datorren urterako. Reinickek nabarmendu du politika horrek familia guztiengan duela eragina, eta "ondasunen banaketaren ikuspuntutik, oso atzerakoia da".
Gara kazetan 2004 azaroaren 12an argitaratutako albistea
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.