Hamaika ondoriorekin amaitu da Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 12a, 22:41

Gaurkoa azkeneko eguna izan du Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuak, eta lau egun hauetan ateratako ondorioen berri eman dute. "Euskal komunikazio-esparrua euskaraz gauzatzen dena" dela azpimarratu dute, eta beraz, "izaera propioaren kontzientzia hartzen" ari dela gaineratu. Esan dutenez, euskarazko komunikazioak gero eta zerbitzu osoago eta integralagoa eskaini nahi dio euskal komunitateari.

Hona hemen, Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan kaleratutako azken agiria hitzez hitz:

Konstatazio argi batetik hasi nahi dugu: euskal komunikazio-esparrua euskaraz gauzatzen dena da. Euskal Herrian egin, nahiz kanpoan egin, hizkuntzak konformatzen du gure kazetaritza-jardueraren ezaugarri berezkoa. Ildo horretatik, iruditzen zaigu euskarazko komunikazioa bere izaera propioaren kontzientzia ari dela hartzen egunez egun gero eta esparru zabalagoetan. Azken hamarkadetan ikusi ahal izan dugunez, hedatzen ari den mundua ere bada euskarazko komunikazioarena. Era berean, Kongresuan adierazi den moduan, euskarazko komunikazioak gero eta zerbitzu osoago eta integralagoa eskaini nahi dio euskal komunitateari.

Gizarte-fenomeno gisa, zerbait modernoa den arren euskarazko gizarte-komunikazioa, gure iraganaren ondorengo gara. XIX. eta XX. mende-atariko kazetaritza-esperientzia historikoak hor daude, Euskal Herrian bezala kanpoan ere. Iparraldeko kazeten ahalegin goiztiarra, Hegoaldeko gerra-garaiko ahalegin erraldoia, eta trantsizio espainiarraren garaiko euskal prentsaren aldarri modernoa dira diogunaren lekuko garbi: izan direlako gara. Zorretan gaude eurekin. Zorretan gara hainbat eta hainbat eragile ezagun eta ezezagunekin, ahalegin indibidualekin eta ahalegin kolektiboekin.

Historiak aurrera egin nahi du, idatz dezagun geure propioa.

Ondorioak:

LEHENENGOA. Euskarazko kazetaritzaren munduak berebiziko aldaketak izan ditu azken hiru hamarkada hauetan. Dozena erdi /dozena bat profesional izatetik, 700dik gora berriemaileen kolektibo izatera igaro gara. Oso handia da mundu honek berezkoa duen indar sortzailea.

BIGARRENA. Euskarazko kazetaritzak izan duen garapena oso nabarmena da, baina agerian dira ahuleziak ere: egoera soziolinguistikoa, merkatu txikia, behar baino eskaintza urriagoa… Gainera, mundu honek gehiegizko sakabanaketa bizi du eta ez du oraindik beregaintasunik lortu maila askotan.

HIRUGARRENA. Euskarak 800.000 hiztunera iristen ez den komunitatea osatzen du. Arazo asko eta asko hiztun-kopuru murritz horren ondorio dira. Edozelan ere, bermatu beharreko gizarte-erantzukizuna da informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea. Erkidego gisa, euskaldunontzat, zer estrategiko bat da euskarazko komunikazio-esparruaren etorkizuna. Gizarteak eta Administrazioek inplikazio aktiboagoa zor diote euskal komunitateari. Euskarazko kazetaritzaren mundua ezin da merkatuaren legeen pairuan utzi, eta horregatik ere, behar-beharrezkoa du erakunde publikoen diru-laguntza bidezko, arautu eta garbi bat. Euskarazko kazetaritza zerbait izatera heldu baldin bada, berton mamitu den elkarlanaren ondorioz izan da. Etorkizunari begira ere, elkarlan horrek berebiziko garrantzia izaten jarraituko du: sinergiak sustatu eta garatu behar dira, baita baliabideen erabileraren optimizazioa bilatu ere.

LAUGARRENA. Euskarazko kazetaritzak aurrera egingo badu, kalitatezko gutxieneko estandar batzuk bermatzen direlako izango da. Imajinario kolektiboaren sortzaile garen heinean, ekoizten eta igortzen ditugun edukietan ere jarri behar dugu ardura. Eduki horiek elkarbizitzaren bideratzaile eta euskal komunitatearen kohesio soziokulturalaren eragile behar dute izan. Kalitatezkoa behar du izan maila guztietan euskarazko komunikazioak: produktuen eraketan, ekoizpen-prozesuan, banaketa-sisteman eta erabiltzen den hizkuntza-ereduan ere.

BOSGARRENA. Zenbait kasu eredugarri alde batera utzita, kazetari euskaldunek ere lan-baldintza ez duinak pairatzen dituzte sarritan: lan-jardun amaigabeak, ordain-sari eskasak eta kontratu prekarioak. Kazetaritza-eredu duin, etiko eta beregaina lortzea helburu izanik, funtsezkoa da egoera horiek errotik ezabatzea.


SEIGARRENA. Euskaratik eta euskaraz sortu eta landutako publizitatearen sareak sustatu behar dira. Inon funtsezkoa bada administrazioen laguntza, publizitatearen eremuan da, dudarik gabe.

ZAZPIGARRENA. Euskararen komunikazio-esparruaren hedapena ez da soilik hedabideen egitekoa. Kazetari-lanaren lehengaia informazio-iturriak dira. Beroriek gobernatzen dute albistearen joan-etorria. Informazio-iturri euskaldunik gabe ezin dira albisteak euskaraz taxuz landu. Euskal Herrian dauden gizarte-eragile gehienek erdaraz pentsatu eta ekoizten dituzte euren jardun publikoak. Arlo horretan, politikarien erantzukizuna aipagarria iruditzen zaigu, gizarte baten ikono eredugarri diren heinean, konpromiso-maila handiagoa eskatu nahi diegu Kongresu honetatik bertotik. Kazetari euskaldunak ordu dezente ematen du egunero informazio-iturri erdaldunen idazlanak itzultzen. Albiste-iturrien euskalduntzea eskatzen du euskararen komunikazio-esparruaren garapenak.

ZORTZIGARRENA. Elkar elikatzen duten munduak dira gurean kazetaritza eta literatura. Sistema propio baten aldeko apustua da harreman emankor horretan sakontzea, kohesio soziokulturala helburu duen eredu baten alde ekinez.

BEDERATZIGARRENA. Espezializazioaren fenomenoak ez du etenik izan azken 30 urteotan. Zientzia eta ezagutzaren mundua abiada betean garatu da. Garapen horren ondorioetako bat da kazetaritza espezializatua. Aintzakotzat hartu beharko luke fenomeno hori ere euskarazko kazetaritzak.

HAMARGARRENA. Euskarazko kazetaritzak jomuga garrantzitsuak dauzka geroari begira. Horren adierazle garbiak dira Internet eta teknologia berriak. Mundu horietara egokitzeko egin dituen ahaleginak garrantzitsuak badira ere, oraindik asko falta zaio beregaintasuna lortzeko bidean euskarazko kazetaritzari. Bide horretan estrategiko deritzogu multimedia egitasmoak garatzeari.

HAMAIKAGARRENA. Euskarazko komunikazioaren erkidegoak bere burua ezagutu behar du, bere burua egokitu behar du abagune berrietara, bere esku hartu behar du etorkizuna marrazteko ahala. Kongresu honetan aipatu diren gabeziak zuzentzeko eta zedarritu diren egitasmoak garatzeko, plangintza estrategiko baten beharra dakusagu. Berori egiteko eta euskarazko kazetaritzak duen potentzialtasun osoa garatzeko, foro edo erakunde ireki eta iraunkor bat sortzeko konpromisoa hartzen dugu zuen aurrean.

Amaitzeko, biziki eskertu nahi dugu Kongresuko partehartzaileen artean sumatu den lan-giro emankorra eta elkarlanerako prestutasuna. Eskertu, eskertzen dugu guztien ekarpena, denen artean egin baita posible eztabaida-gune irekia izatea lehen Kongresu hau. Prestutasun ireki horretan datza gure aktiborik eraginkorrena.

Euskarazko Kazetaritzaren Lehen Kongresuko Batzorde Akademiko eta Antolatzailea

Bilbo, 2004-11-12


Gaiaren inguruko berriak:

Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuak 200 lagun bildu ditu (2004 Aza 09)

Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuak euskal komunikabideen ibilbidea eta erronkak aztertuko ditu (2004 Ira 29)

Berri gehiago:

Sektorearen etorkizunaz gogoeta egingo dute etzitik aurrera Bilbon - Berria (2004 Aza 07)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun