Zumetaren erakusketak zabaldu du kulturgunea Erandioko azoka ohian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 15a, 22:31

Jose Luis Zumeta margolari gipuzkoarraren erakusketarekin inauguratu zuten ostiralean Erandioko azoka izan zenaren eraikinean jarritako kulturgune berria. Formatu handiko 30 koadroz osatuta, 2005eko urtarrilaren 6a arte izango da ikusgai, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara arteko ordunegian. Hark iraun bitartean hainbat kultur jarduera egingo dituzte bertan, adin guztietarako. Besteak beste, Erandioko zentroetako ikasleen bisitak hartuko dituzte lanegunetan, goizetan. Pintura tailerrak ere izango dituzte hauek. Asteburuetan, berriz, musika eta antzerki ikuskizunak eskainiko dira bertan herrian kultur jarduerak sustatzeko asmoz. Zumetaren erakusketa amaitutakoan, beste hainbat artisten eskulturak eta margolanak egongo dira ikusgai ekaina bitartean.

Ekainera bitartean herriko azoka zena kultur ikuskizunetarako erabiltzeko, Bilboko Epelde eta Mardaras arte-aretoak eta Erandioko Udalak lortutako akordioari esker jarri dute bertan gaur egungo euskal panorama artistikoan erakusketa esanguratsuenetarikoa dena. Hain zuzen ere, "azken hiru legengintzaldietan Erandion egin kultur jarduerarik garrantzitsuenatzat" jo zuen Mikel Arieta-Araunabeña alkateak, "Euskal Herri osoko jendea ekarriko duelako bertara".

Hala ere, bertan kulturgunea jartzea "aldi baterako baino ez" dela nabarmendu zuen udal mandatariak, "Erandiok behar duen kulturarako zentro handia eraiki arte". Bitartean, Zumetaren erakusketen artean, "tamainari dagokionez" 2000 urtetik egindakoetatik bigarrena dela garrantzian adierazi zuen Emilia Epeldek.

Tamaina handiko margolanak

700 metro koadroko azalera du azokak, handitasuna aditzera ematen du, Zumetaren koadroen handitasun bera. Sei metroko luzera eta hiru metroko zabalera duten sei olio ikus daitezke lehen solairuan. Indar handiko lanak dira, "bozetorik gabe, zuzenean mihisean margotutakoak". Bigarren solairuan, bestalde, formatu txikiagoko (150 x 300 zentimetro eta 150 x 400 zentimero) hogei bat lan jarri dituzte.

Gaiaren inguruko berriak:

Zumetaren handitasuna - Berria (2004 Aza 13)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun