Herri txikiak, gizaki handiak - Josu Landeta / irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 15a, 22:39

Egun hauetan albisteak entzuten baditugu, hor agertzen zaigu Arafat izeneko gobernaria. Egun hauetan bera da albistearen albistea. Egun hauetan hil egin da, azaroaren 11an, Parisen Perciko ospitalean hainbat egunetako agonia pairatu ondoren. Egun hauetan, azaroaren 12an, Ramalako Mukatan ehortzi dute halabeharrez, Arafatek berak Israelen ehorzteko zeukan desioaren aurka.

Arafat da, bai, egun hauetan arreta gune nagusia. Bere bizitzari erreparatzen badiogu, gertakizun garratz ugari bizi izan duen gizon bat hil zaigu: Mukatan preso bizi beharra, bere aurkako atentatu saioa... Eta are gehiago sufritu du, sufritzen du, bere inguruan bizi izan den, bizi den palestinar herria, bere lurrean preso, egunetik egunera israeldar soldaduek erahiltzen dutena, egunetik egunera bere etxeak eta ondasunak suntsitzen ikusten duena, egunetik egunera odolusten ari dena... Eta euren delitu bakarra, jaio eta bizi diren lurrean biziraun nahia.

Ez da meritu makala Arafatek izan duena: Estaturik gabeko herri baten gidaria izatea, eta herri horrek munduan behar duen tokia eskuratzeko ahaleginak egitea. Ez da meritu makala Arafatena, ez eta beste gobernari txiki batzuena ere, Fidel Castro, Hugo Chavez eta bortizki erahil zuten Salbador Allende besteak beste. Palestinak ez bezala, Kuba, Venezuela eta Txileko herriek badute bere estatua baina ez antza amerikar inperioak gura lukeen modukoa. Eta horra hor jaso duten ordaina zein den: Mundu mailako foro nagusietan ardi beltzak izatea, euren aurkako etengabeko jazarpen politiko eta ekonomikoa... Horiek guztiak herri txikiak dira, eta herri horien helburua jaio eta bizi diren lurraldean era duin batean bizirautea da, palestinarrek gura duten legez. Baina amerikar inperio horrek (eta berarekin batera dauden israeldarrek) herri horiek suntsitzea dute helburu: Hobe ei da herri horiek erabat suntsituta egotea, burujabe eta herri xeheak onartutako legeen arabera bizitzea baino.

Hurrunago joan barik hemen dugu Euskal Herria, gure estaturik gabeko nazioa, inperio espainol eta frantsesaren aldetik aspalditik jazarpen bortitza pairatzen duena. Historian zehar jazotako hainbat gertakizuni begiratu bestela: Nafarroako konkista, frantziako iraultza, espainiako gerra zibila... Horietan ere inperioek nahiago zuten herri suntsitua ikusi herri askea baino (oraindik ere askoren oroimenean daude Mola generalaren esanak: “antes rota que roja”), gure erresistentziaren ordainetan ere sasoian sasoiko berba iraingarri eta mespretxuzkoak jasan ditugularik (hereje, karlista, gorri, terrorista....). Orain “terrorista” izateko “ohorea” suertatu zaigu. Eta hori gure dramarik handiena balitz, gaitzerdi, ezen gure historiari begiratu barik arduratuta egoteko arrazoi sakonagoak baititugu: Milaka gizon-emakume preso, erbesteratu, errepresaliatu, mehatxatu; gure hizkuntza eta kultura pairatzen duten ustezko berdintasunez (herri elebiduna omen gara) mozorrotutako genozidioa; gure eskubideak egun batean bai eta bestean ere ukatzen zaizkigula...

Argi dago gaur egungoari erreparatzen badiogu Palestinarren, kubatarren eta euskaldunon bizi-baldintzak erabat ezberdinak direna, baina zerbaitek batzen gaitu: Burujabetza eta askatasuna lortu gura dugun herri txikiak izatea (batzuk estatudunak, besteak estaturik gabekoak), eta egungo inperioek begitan hartu gaituztela munduaren aurrean susmopean jarri izana. (Zorioneko “terrorista” etengabe entzun beharra).

Herri txikiak gara, bai, baina munduan asko gara, eta goiz ala berandu dagokigun tokia eskuratuko dugu. Munduan nor izateko borrokatu beharra suertatu zaigu, eta Anton Reixak esandakoari men eginez (“paises pequeños grandes corajes”, nik gazteleraz jarri dut), euskara garbian munduaren aurrean bildurrik gabe HERRI TXIKIAK, GIZAKI HANDIAK garela esan dezagun.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun