"Getxotik Mundura-Mundutik Getxora", elkartasunaren erakuslehioa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 17a, 23:31

Zazpigarren urtez jarraian, "Getxotik Mundura-Mundutik Getxora" elkartasun ekimena egingo da azaroaren 20tik 28ra bitartean. Hain zuzen ere, Getxo Udalak ematen dion 18.000 euroko diru-laguntzari esker, Mugarik Gabe arduratu da berriro ere antolatzeaz, tokiko erakundeko Garapen Lankidetzarako Arloak 2003 urtean zehar diruz lagundu dituen egitasmoak aurrera eraman duten Gobernuz Kanpoko Erakundeen parte hartzearekin. Imanol Landa Presidentzia zinegotziak gaur aditzera eman duenez, GKEen eta elkartasunaren esparruan eurek egiten duten lanaren erakusleihoa izateaz gain, kultura aniztasuna eta garapenerako lankidetza gaien inguruan iritziak eta esperientziak elkartrukatzeko esparrua ere badira jardunaldiak.

Ekimenaren izenburuan egindako aldaketa da, dudarik gabe, aurtengo berrikuntzarik nabarmenena. Izan ere, "Mundutik Getxora" esaldia gehitu diote aurreko urtetako "Getxotik Mundura" leloari, GKEek abiatutako egitasmoekin Udalak mantendu nahi duen "elkarrekikotasunaren isla". Gainera, genero indarkeria eta herrian zein inguruetan inmigrazioak dakartzan ondorioak ere jorratuko dituzte aurten, tokiko erakundeko Gizarte Zerbitzuen laguntzarekin.

Ekitaldi ugari

"Getxotik Mundura-Mundutik Getxora"ren ekitaldien egitaraua azaroaren 20tik 28ra arte garatuko da bi erakusketekin: "Guztion Getxo, kultura artean bizirik" izenburukoa Fadurako Udal Kiroldegiko atarian -inmigrazioaren gaineko zenbait gai bilduz- eta "Baratze kritikoa" Itzubaltzeta-Erromoko Kultur Aretoan. Azken honetan elikagai, produkzio eredu eta nekazal komertzioan globalizazio ekonomikoaren ondorioak aztertuko dira, Mugarik Gaberen eskutik.

Larunbatean (azaroak 20) Sahararen Eguna ospatuko da Algortako Telletxe plazan, 10:00etatik 14:00etara. Bertan argazki eta eskulangintzari buruzko bi erakusketa izango dira, haurrentzako txotxongilo eta tailerrak eta Sahararen aldeko Getxoko ATFAL Elkarteari buruzko informazioa. Horretarako, 2.000 euro inguru jaso ditu aipatu GKEak.

Igandean (azaroak 21), toki berean, GKEen azoka egingo da, 11:00etatik 15:00ak arte. Lankidetzarako proiektuetan diharduten hamaika GKE ingururen gaineko informazioaz gain, kale antzerkia, lankidetza sustatzeko jokoak, eskalada-murrua eta azti baten saioa izango dira.

Euskal Fondoaren batzarra

Azaroaren 22an, Euskal Fondoa erakundearen batzarra hartuko du Getxo udalerriak. Arratsaldean, "Aldaketaen bidea" izenburuko filmea egongo da ikusgai Getxo Antzokian, 19:30ean. Ondoren, horren ganeko eztabaida ere burutuko dela.

Itzubaltzeta-Erromoko Nagusien Etxeko areto nagusiak "Atzerritarren Legearen erreforma eta pertsonen gizarteratze prozesuetako eragileak" goiburuko hitzaldia hartuko du, azaroaren 23an, 19:00etan. Hurrengo egunean, 10:00etan, "Atzerriko inmigrazioa eta Getxon tokiko administrazio" izenburuko txostena aurkeztuko den bitartean Faduran. Arratsaldean, berriz, genero indarkeriaren gaineko hitzaldia izango da 20:00etan Algortako Kultur Aretoan eta "Saharako ipuinak" filmea proiektatuko da Zine Klubaren baitan, Getxo Antzokian .

Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean, elkarretaratze isila egingo da Areetako Xake plazan 19:30ean. Ordu erdi beranduago, "Saharako ipuinak" filmea emango da berriro ere Areetako Gran Cineman.

Azkenik, ostiral horretan, Cinema Paradiso filmeen zikloaren baitan, "Nosforth" filmea eskainiko da Getxo Antzokian, jatorrizko bertsioan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun