Tratu txarren biktimei arreta eskaintzeko trebatuta dago Getxoko Udaltzaingoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 17a, 23:31

Iñaki Urkiza Getxoko Udaleko Berdintasun Arloko zinegotzi esku ordeak gaur jakinarazi duenez, tratu txarrak jasotzen dituzten herritarrei arreta nola eman jakiteko trebakuntza berezia jaso dute udaltzainek eta bide horretan jarraituko dute. Hain zuzen ere, azaroaren 25ean Genero Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, "Ezin duzu dena egin, baina zure inplikazioa beharrezkoa da" lelopean abian jarriko duten kontzientziazio kanpainaren harira egin ditu adierazpenak udal arduradunak. Bide batez, Getxoko emakumeen elkarteek deituta, egun horretan 19:30ean Areetako Xake plazan izango den elkarretaratze isilan parte hartzeko deia luzatu du.

Horrelako delituei aurre egiteko eguneko 24 ordutan ernai egoteaz gain, tratu txarren biktimei "behar bezalako arreta" emateko gai dira udaltzaingoak, "uneoro Getxoko Udaleko Gizarte Zerbitzuekin koordinatuta daudelako", Iñaki Zarraoa alkateak azaldu duenez. Idatziz jartzea bakarrik falta zaie aipatutako urgentzia protokoloa. Hori, 2005ean egingo dute segur aski, Urkizak aipatu duenez.

Gainera, bide horretan jarraituko dutela adierazi dute udal agintariek. Baliteke Clara Campoamor elkartearekin hitzarmena sinatzea eta Bigarren Berdintasun Plana onartzea datorren urtean.

Kontzientziazio kanpaina

Datorren azaroaren 25ean Genero Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, kontzientziazio kanpaina jarriko du martxan Getxoko Udaleko Berdintasun Arloak, "Ezin duzu dena egin, baina zure inplikazioa beharrezkoa da" lelopean.

Horretarako 1.000 kartel eta 10.000 liburuxka argitaratu dituzte herrian banatzeko. Kartela egiteko 250 emakume eta gizon getxoztarren parte hartzea egon da. Argazkia atera diote bakoitzari ondoren irudi guztiekin mosaiko bat osatzeko.

Gainera, datorren azaroaren 24an, genero indarkeriaren biktima diren emakumeei eman beharreko arretari buruzko hitzaldia egongo da, 20:00etan Algortako Villamonteko Kultur Aretoan, Itziar Manteca Begoña abokatuaren eskutik. Honek duela 15 urtetik Basauriko Emakumeentzako Informazio Zerbitzuan egiten du lan.

Erakunde adierazpena

Bestalde eta aurreko urteetan bezala, Gizarte Zerbitzuetako Informazio Batzordeak emakumezkoek jasaten duten indarkeriaren kontrako agiri instituzionala proposatuko dio osoko bilkurari, datorren azaroaren 26an onartua izan dadin.

Nahiz eta aipatutako udalbatza Genero Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna pasata izan, Getxoko emakumeen elkarteek deituta, egun horretan 19:30ean Areetako Xake plazan izango den elkarretaratze isilan parte hartzeko deia luzatu du Urkizak. Hain zuzen ere, beste bat antolatu beharrean, deialdi horrekin bat egin nahi izan dute, "arazo honen aurrean ahalik eta erantzunik bateratuagoa eman behar delako".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun