Gehiegizko inbertsio publikoa iritzi diote aditu europarrek proposamenari. Oinarri etikoa Darwinismo sozialera mugatzen duen merkatu ekonomia neoliberalak, efizientzia darabil sektoreen biziraupenerako dogma moduan. Adam Smithen esku ikusezinak orekatutako inbertsio pribatuaren bidez. Espezializazioari ikuspegi global batetik begiratuta, kapitala jartzen duenari, mundu mailan konparatiboki egokia den, errentagarritasunik sortzen ez dion sektore orok desagertu beharra dauka. Naturan egokitu ezin duten izakiei gertatu bezala. Gizartean, ostera, errekonbertsio ekonomikoek sortzen dituzten desoreka eta pobrezia poltsak ez ei dira ekuazioko aldagai moduan hartzen. Beste behin ere Noam Chomskyk azaldutako hautesleri dualaren arazoarekin egin dugu topo. Hots, aldaketa ekonomikoak ematen diren gizartean bizi ez diren finantza eragile globalen esku dagoela azken erabakia. Zertarako aukeratzen ditugu orduan gure ordezkari politikoak? Erantzun gaitzeko galdera interesgarria.Bake soziala birrintzen duen tentsionamendua baino ez da geratzen halakoetan. Berriz ere, inpotentziaren sua ikusiko dugu Sestaoko kaleetan.
Iritzi artikulu hau Berria egunkarian argitaratua izan da 2004ko azaroaren 19an