Alde batera uzten dut, puntu hau inondik ere kasuala ez den arren, gaztelania bere izenez behar den bezala aipatua den bitartean, Espainiako gainerako mintzairak beren-beregi ez izendatzea, bai eta horietako hizkuntza "espainol" batzuk, Frantzian. Andorran eta Portugalen ere mintzatuak izatea ere. Ez dut ukatzen, bestalde, euskara, katalana eta galiziera zein bere herrialdeko autonomia-erkidegoan ofizialak direla, eta horien Akademiek Estatuaren laguntza jasotzen dutela, nahiz eta, dena esateko, Espainiako Hizkuntzaren Erret Akademiaren kasu inbidiagarrian ez bezala, diru-laguntza horiek, aldian aldiko alderdi politikoen erabaki aldagarrien arabera, maiz murriztuak izan arren, hain maite omen duten konstituzioaren letraren gainetik beren ideologia neoinperialistaren mesedetan.
Nik neuk konstituzioaren testu horren zintzotasunean sinetsi nahi nuke, baina ezin. Izan ere, ulergaitza egiten zait legearen arabera "begirune eta babes berezia merezi omen duten kultur ondare horiek" hain dorpeki eta arduragabekeriaz tratatuak izatea. Ohituta gaude guztiok ikusten Estatu Batuetako administrazioak han espainiera baztertzeko saioek zer nolako erantzunak sortarazten dituen espainolen bihotzetan: haserre biziko protestak, prentsaren bidezko kanpainak, gestio diplomatikoak, presaka antolaturiko hizkuntzaren defentsarako kongresuak errege-erreginen zuzendaritzapean, etab. Halere, ez da ezer gertatzen zokoratzen dena "beste hizkuntza" horietako bat baldin bada, horiek ere, ustez bederen, bestea bezain espainolak izan arren.
Ez da inorentzat sekretu bat XXI. mendean ez dagoela hizkuntzarik babes ofizialik gabe bizirik iraun dezakeenik. Gaztelania bera, Espainian eta Latinamerikan daukan ofizialtasunari eta laguntza ugariei esker, sendo eta indartsua da, baina Ipar Amerikako anitz lekutan, ordea, ahulduz doa ingeles guztiahaldunaren menean, lehenago ere Filipinetan gertatu zen bezala, hain distiratsua ez den baina babes ofiziala daukan tagalog hizkuntzarekiko sokatira aspaldian galduta. Era berean, frantsesek kezka biziaz dakusate beren hizkuntzaren etorkizuna Kanadan, eta askoren ustez bera salbatzeko berme bakarra Quebec-en independentzia litzateke.
Esandakoagatik, euskara, galiziera eta kataluniera egiazki espainiar hizkuntzak balira, logikoa litzateke Estatuaren mugez bestaldean duten egoerak Espainiako hiritarrengan eta, bereziki haien agintariengan, interesa eta kezka sortzea. Halere, Parisek frantsesa ez bezalako gainerako hizkuntzak suntsitzeko darabilen politika jakobino nabarmena ikusita ere, hor euskara eta katalana bete-betean harrapatuz, Espainiako Gobernu zentralak ez du horren aurka behin ere ezer egin, ez eta protesta-hitzik txikiena ere esan, espero izatekoa bestelakoa izan behar zuenean, hots, herrialde horietan hizkuntza "espainol" horiek suspertzeko eta bultzatzeko planak izatea, alde bietako hitzarmenak ezarriz.
Are gehiago, Ipar Euskal Herriko hiritarrek, beren euskal hizkuntza eta nortasunari atxikitzeko nahitaezko bidetzat, Departamendu propioa eta autonomia administratiboa behin eta berriro eskatzen zutela ikustean, Espainiako presidenteak, Jose Maria Aznarrek, berehalaxe jo zuen Chirac-engana eskari hori onar ez zezan. Horrelaxe ukatu die ipar euskaldunei, bere eta PPko bere alderdikideen ustez bertoko euskal herritarrentzat Kantabriako edo Murtziakoentzat bezalatsu oso mesedegarria izan den eta izaten segitzen omen den autonomia. Hor ageri da bai, zer nolako maitasuna izan dion "espainiar guztien" presidenteak hain espainola omen den euskara honi.
Bada gehiagorik ere. Europar Konstituzioa hizkuntza ofizialez mintzo da, eta hor, hasieran behintzat, galiziera, euskara eta katalana zeuden sarturik, Espainiako eremu batzuetan ofizialak baitira. Halere, oraingo gobernu frantsesak, nazioarteko gomendio guztien kontra, behin eta berriz bere hizkuntz aniztasuna ofizialki onartu nahi izan ez duelako, "eskualdeko" mintzairekin inolako lege-arazorik ez duenak, baratzainaren txakur zital bikaina bera, presioa egin zuen Europar Konstituzioan soil-soilik Estatu osorako hizkuntza ofizialak ez beste sar zitezen, katalan, galiziar eta euskaldunok garbiro mespretxatuz. PPren erantzuna bistakoa izan zen: krokodilo-malkotan negarrez urtzea, "begirune eta babes berezia merezi duen espainiar ondare preziatu hori" nola zokoratzen zen deitoratuz, hori konpontzeko ezertxo ere egin gabe baina. Eta harrezkerokoak ikusita, orain arte erabat antzuak gertatu diren jarrerak alde batera utzita, beldur naiz ez ote zaigun PSOEren gobernua bide berberetik ibiliko.
Euskaldun askok oraingo Konstituzio espainolaren alde botorik ez emateko arrazoietako bat, hain zuzen, bere baitan ageri zen hizkuntza trataera bereizgarria izan zen, gaztelaniadunak eskubide guztiak zeuzkaten lehen mailako herritarrak ziren bitartean, galiziar, katalan eta euskaldunok, aldiz, bigarren mailakotzat agertzen ginelako, "neba-anaia nagusiek" berentzat harturiko eskubide eta pribilegio askotatik gabetuak. Eta legearen aurreko berdintasuna aldarrikatzen den garai honetan pertsonen artean gauza gutxi gertatzen dira haserregarriagoak auzoengandik pairatzen diren harrokeriazko umiliazioak baino.
Ez da harritzekoa, beraz, gure artean giza duintasunaren kontzeptua eta buruestima berreskuratu ahala, Estatuko nazioen artean mesfidantza eta etsaigoa gero eta handiagoak izatea.Oraingoan beraz, beste erreferendum bat eskatuko zaigu: Europar Konstituzioarena, injustizi egoera hau mantentzen eta sendotzen duenarena. Anitz euskaldun, katalan eta galego erabat zapuzturik gaude. Argi dakusagu Estatu Zentralak ez gaituela aintzat hartzen, ez dela gure ordezkaria, gure botoez landa ez gatzaizkiola interesatzen, eta ez dituela gure hizkuntza eta kultur interes bidezkoak defenditu gura, gaztelaniadunenak baizik.
Eta egoera honetan, nolako aginpide moralez eskatuko zaigu gu baztertzen gaituen konstituzioari geure baiezkoa eman diezaiogun? Zer nolako arrazoiak aterako dituzte erreferendumean testu hori onar dezagun, gutaz axolagabeturik eta zabarkeria osoaz eta Europako Konstituziotik, gure hizkuntza nazionalak kentzera lagundu dutenek?Burura datorkit Gabriel Arestik Tomas Meaberi behiala idatziriko poema eder hura. Ez dakit baina, PSOE-EEko sozialistek joan den asteburuan berari egindako omenaldian erdal bertsook gogoratu ote dituzten: "Cierra los ojos muy suave,/Meabe,/pestaña contra pestaña:/Solo es español quien sabe,/Meabe,/las cuatro lenguas de España".
Berria egunkarian 2004ko azaroaren 18an argitaratutako iritzi-artikulua.
Gaiaren inguruko berriak:
Rosarioko hizkuntz kongresuetan, euskara banatuta (2004 Aza 19)