Euskararen Eguna adin guztietarako ekitaldiz jantzi dute Uribe Kostan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 22a, 22:58

Urtero legez, igandean Andra Mari kiroldegian egin zen Aerobic Maratoiak eman zien hasiera Getxoko Euskararen Jardunaldiei. Seigarren urtez jarraian, euskara eguneroko bizitzarako tresna bihurtzeko helburuari eutsi nahi diote Euskara Zerbitzuko arduradunek. Horretarako, eta beti ere, "urte osoan zehar Getxoko Udalak euskararen inguruan antolatzen dituen jardueren barruan kokatu behar dela kontutan hartuta", kirola, musika, bertsolaritza, dantza, literatura eta beste hainbat esparru hartzen dituzten jarduerez osatutako egitarau zabala prestatu dute, abenduaren 3ra bitartean. Uribe Kosta eskualdeko gainontzeko herrietan ere hainbat dira aipatu datan ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldiak.

Besteak beste, Sopelan, egun bateko ospakizuna egin beharrean, euskarari zuzendutako ekitaldiz bete ditu Hall Kulturalak abenduaren 3a aurreko beste sei egun. Azaroaren 26an abiatuko da udalerri horretan Euskararen Astea, Egor Elortza eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek gidatuko duten triki-poteoarekin. Afaria ere egongo da ondoren. Hurrengo bi egunetarako, berriz, umeentzako antzerki lan bana daude iragarrita: "Muzzikiren bidaia harrigarria" eta "Marilurrek 5.722.630 ipuin dakizki" saioak hurrenez hurren.

Azaroaren 29an "Euskara lardaskatzeko manerak" erakutsiko dituzte Asisko Urmeneta, Anton Olariaga eta Kike Amonarrizek. Eta, hurrengo egunean, "Euskara sencilloaren manifestoa" irakurriko dute Biko Teatro taldekoek. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egun pare bat falta direla, hitzaldien garai helduko da: Juan Ramon Madariagaren "2003an Cho Oyura egidako espedizioa" izenburukoa abenduaren 1ean, eta "Zazpi kolore, munduko koloreak" liburuaren ingurukoa, hurrengo egunean, Jon Arretxeren eskutik. Amaitzeko, Koldo Amestoy ipuin kontalariaren istorioak entzuteko aukera izango dute abenduaren 3an euskaltegira hurbiltzen direnek. Nahiz eta Euskararen Egunetik aste betera izan, Urko abeslariaren kantaldia egongo da ospakizun horren harira, abenduaren 10an, izen bera duen Sopelako kiroldegian.

Ipuin kontalariak Barrikan eta Berangon

Nahiz eta ospakizunak egun batera baino ez mugatu Barrikan eta Berangon meritua ez gutxiagorako ere. Besteak beste, Pihulari-Klown taldearen "Alfonbra Magikoa" antzerki-ipuin kontaketarekin gozatzeko aukera izango dute 18:00etatik aurrera Barrikako Udal Liburutegira hurreratzen diren neska-mutikoek. Ordu berean, Apika taldeak edukiko du ipuinen bidez umeak entretenitzeko ardura Berangoeta Kultur Etxean. Horren ostean, goxokiak banatuko dira. Gainera, UK aldizkarikoek zehaztu dutenez, datorren urtera begira, asteburu osorako ekitaldiak antolatzea aurrikusten du Berangoko Euskara Zerbitzuak, horretarako aurrekontuak gora egin omen du-eta.

Ikusi udalerri bakoitzeko ekitaldiak agendan
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun