Erandioko Udalak onartuta daukan EBPNren harira, 2004ko kudeaketa planaren garapena eta datorren urteko planaren prestaketa izan zituzten aztergai urriaren 26ko batzarrean. Urtean zehar, euskararen alorrean herrian egindako urratsak nabarmendu zituzten arren, oraindik ere hainbat hutsune daudela onartu zuten batzordeko kideek. Besteak beste, Udal Musika Eskolan euskararen erabilera bermatzeko plangintza zehatz baten beharra dagoela ondorioztatu zuten. Hain zuzen ere, bertan ibiltzen diren ikasle gehienak D eta B eredukoak izan arren, entzunaldietan eta ikasgeletan ez delako euskaraz egiten eta material guztia erderazkoa delako.
Hala ere, Euskararen Aholku Batzordea aurrera doala argi geratu zen. Herriko hainbat elkartek eta parrokiek euskara planak egiteko erakutsi duten pretutasuna ez-ezik, partaide berriak ere izan ziren azken bilkuran. Horretaz gain, euskara teknikari berriaren aurkezpena egin zuten bertan. Ana Fernandez izango da Fernando Simonekin batera Euskara Zerbitzuko teknikari.