Bullying-a ekiditzeko ekinean - Maitane Ruiz / PTBko kolaboratzailea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 23a, 21:15

Azken bolada honetan bada kalean oso azalean dabilen gai bat: Bullying delakoa. Antza denez (eta inkestek horrela baiezten dute) larderiatzea eta beste pertsona bati zerbait egitera behartzea oso orokortua dagoen esperientzia bat omen da haur eta gazteen artean.

Defendatu ezin denaren aurka behin ta berriz indarkeria erabiltzeari deitzen zaio Bullying. Golpeak, bultzadak, irainak, ogitarteko edo etxekolanen lapurketak... Lehenengo ikustaldi batean hain larriak ez diruditen ekintzen segidak pertsona bat hondoratzeko kausa izan daitezke. Ezberdinak direnak, zaurigarrienak eta zerbaitetan nabarmentzen direnak dira eraso gehien pairatzen dituztenak.

Baina nire ustez ez dira gatazkaren biktima bakarrak. Normalean “erasotzaileak” gehiegikeria fisikoa edota larderia edo intimidazioa jasandako pertsonak dira, amorru bizi bat gordeta dutenak, etxean edota eskolan hainbat esperientzia ezezkor bizitakoak.

Gaur egun badaude haien seme alabekin oso permisiboak diren familiak, arazorik ez izatearren (ordutegiekin, ohiturekin, desadostasunekin, arrokeria eta lotsagabekeriari aurre ez egiteagatik... ) gauza asko baimentzen dituztenak. Horrela, ikastetxeetan, irakasle eta ikaskideekin jarrera berdina hartzen dute. Honi irakasleen ekintza eremu murriztua gaineratu behar zaio (autoridade asko galdu egin da, ez da erabiltzen, honek lekarkeen ondorioen beldur).

Ez nabil inoren jarrera kritikatzen, ezta defendatzen ere. Orain, arazo hau detektatzeko, aurre hartzeko eta ekiditzeko hainbeste indar eta neurri abian jarriko badira, pertsona guztien ongizatea kontutan har dezaten eskatu nahiko nuke, inplikatuak, familiak, hezkuntza, gizartea eta dimentsio etikoak kontutan hartuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun