"Leioako unibertsitateko ikasleok, ezinbestean Bizkaibusen erabiltzaile garenok, eraso berri bat jasan dugu, Bizkaibusen zerbitzu murrizketak, gure eskubideen zanpaketa argi bat suposatzen baitu.
Orain artean, linea askotan, "sardinak latan" bezala bidaiatu behar izaten genuen, oso baldintza prekarioetan, eta gainera, ikastera etorri ahal izateko aurreztutako diru guztia utzi behar izaten dugu, ikasleon baldintza ekonomiko txarrak are gehiago larriagotuz.
Orain erriz, Bizkaibus, eta batez ere, Bizkaiko Diputazioa eta beraien interes ekonomikoak direla medio, zerbitzuak guztiz murriztu dizkigute, 20.000 ordu ezabatuz. Honekin, garraio zerbitzu eskas batekin uzten gaituzte, erabat biluzik eta UPV-a berak ere, ez du garraio zerbitzua bere gain hartu nahi. Arazoari aurre egin beharrean, Bizkaibusen gain delegatzen du arazo guztia.
Unibertsitariak oso haserre gaude, zerbitzu murrizketagatik, zerbitzuaren kalitate eskasagatik eta ezartzen zaizkigun prezio altuengatik. Finean, ikas-baldintza duinetan ikasteko eskubidearen zanpaketagatik.
Bizkaibus, Diputazioa eta UPVri argi eta ozen esaten diegu beraien interes ekonomikoak ez direla arrazoi nahikoa gure eskubideak zanpatzeko hots, ez direla arrazoi nahikoa, unibertsitateko ikasleok autobusen zain orduak egon behar izateko, sekulako prezioak ordaindu behar izateko, gidarien lanpostu orduak murrizteko...
Argi eta garbi exijitzen dizuegu, arazo honi lehen bait lehen konponbide bat bilatzeko eta ikasleon eskubideak errespetatzeko."
Garraio-zerbitzu Duin baten Aldeko Plataforma