Bilboko Itsas Museoan egindako ekitaldian aurkeztu dute gaur egitasmoa Jose Angel Corres Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak eta Alvaro Amann Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Lan Publiko sailburuak. Hain zuzen ere, hasierako erakunde horrek egin du proiektuaren garapena eta Euskadiko Kirol Portua sozietate publikoak izango du azpiegitura eraiki eta kudeatzeko ardura.
Kruzeroen kopurua %64 hazi da
Bilboko Portua gero eta turista gehiago hartzen ari da, batez ere Guggenheim museoa eraiki zutenetik. Iaz 17 luxuzko ontzi izan ziren guztira. Hain zuzen ere, itsasoz mugitzen diren horien "harrera eta egonaldia erakargarriagoak egiteko" eraikiko dute azpiegitura berria Getxon. Izan ere, gurutzuntziak Santurtzin amarratzen dira gaur egun, merkantzia kontainerrez inguratuta. Lurrera jaisterakoan inguruetatik baino ez dira ibiltzen ontzi horietan etortzen direnek, denda eta gainerako tokietan dirurik utzi gabe. Portua da ikusten duten lehenengo irudia eta "ez da batere erakargarria" Jose Angel Corres Bilboko Portuko presidenteak esan duenez.
Hala ere, "modan" omen dago gure kostaldea. Aurten 12 mila turista inguru iritsi dira itsasontzietan, eta Urdaibai, Donostia eta Arabako upeltegiak bisitatzea dute gustuko, Corresen arabera. Halere, ontziek egonaldi laburrak egiten dituzte; hiru egunekoak batez beste.
Horiek beste portu batzuetara alde egin ez dezaten, azpiegitura berria eraikitzea erabaki dute Jaurlaritzak eta Bilboko Portuko Agintaritzak.
Gaiaren inguruko berriak:
Eusko Jaurlaritzak ordainduko du Gurutzuntzien Kaia (2004 Aza 11)
Bidaiarien gurutzuntzietarako kaiaren auzian "larderiatsu" jokatzea egotzi dio Zarraoari Getxoko PSE-EEk (2004 Ira 17)
Bidaiari gurutzuntzietarako kai berria Getxo udalerrian egingo dela baieztatu du Zarraoak (2004 Ira 08)