1.- Daten inguruan
Diru-laguntzen deialdi publikoa ez da urtearen lehen hiruhilabetean kaleratzen normalean.
Azken urteotan irailetik aurrera ezagutu izan ditugu urtero urteko jarduerari dagozkion diru-laguntzen ebazpenak. Egitasmook zuzentzen ditugunontzat oso zaila da ganorazko kudeaketa eta aurreikuspenak egitea urteko azken hiruhilabetean jasotzen baldin badira datuak. Horrela ezinezkoa egiten zaio edozein erakunderi ebazpen horiek izan ditzaketen ondorioak zuzentzeko neurriak hartzea.
Era berean, ebazpenak ezagutzeko garaia kontutan hartuta, diru-laguntza jasotzeko datak ere asko atzeratzen dira eta komunikabide askori oso zaila egiten zaie atzerapen horrek dakartzan finantza-beharrei aurre egitea. Finantziazioari aurre egiteko gastu gehigarriak sortzen dira sarri, eta horrek pisu berezia dakar hedabideok gidatzen dituzten erakundeontzat.
2.- Komunikabide mota bakoitzarentzat izendatuta dagoen diru-poltsaren inguruan
Azken urteotan ebatzitako diru-laguntzen hazkunde ezak komunikabideentzat izendatuta dagoen diru kopurua gero eta egitasmo gehiagoren artean banatu behar izatea dakar, eta beraz, urtetik urtera, sektore guztia zalantza egoeran egotea. Batetik, sortzen diren egitasmo berriak segurtasun-falta nabariarekin sortzen direlako; bestetik, lehenagotik datozen egitasmoek ere zalantza-egoera berdina daukatelako.
Kontuan izan beharra dago, gainera, euskarazko hedabideek zein testuingurutan lan egiten duten. Hedabideen merkatuan euskarazkoek leku txikia dute, eta hartzaile potentzialen kopurua ere txikiagoa daukate. Euskarazko hedabideen iraupena ezin da merkatu-legeen menpe izan, euskarazkoak ez baitaude berdintasun-egoeran beste hedabideekiko. Merkatuaren baitan utziko bagenitu gure ekoizpenak, ez lukete inolaz ere lortuko gaur egun duten kalitatea, zabalpena eta eragina. Euskarazko hedabideek bestelako funtzioa betetzen dute, eta aintzat hartu behar da betetzen duten zerbitzu hori. Egitasmoei jarraikortasuna ematea da gure kezka nagusia eta, horretarako, erakundeen laguntza jarraikia behar dugu.
3.- Irizpideen inguruan
Euskarazko hedabideentzako diru-laguntzak banatzeko orduan erabiltzen diren irizpideak aztertu beharra dagoela deritzogu, betebehar eta irizpideei dagokionez.
Hauek dira nagusiki dauzkagun kezkak. Gai hau bi aldeei dagokiena dela badakigu, eta alde biek dugula lana ahalik eta modu zuzenenean eta dagokigun epeetan betetzeko ardura: hedabideetako arduradunok lana ondo egin, dokumentazioa bildu eta behar bezala aurkeztu, eta Eusko Jaurlaritzak berari dagozkionak bete. Era berean, aipatutako kezkei irtenbidea bilatzeko behar diren bideak jorratzeko prest gaudela jakinarazi nahi dugu.
Sinatzaileak:
Abarrak Euskara Elkartea, Baleike Kultur Elkartea, Batana Batu Kultur Elkartea, Berbaizu Euskara Elkartea, Bierrik Elkartea, Boluntzarreta Elkartea, Danbolinzulo Kultur Elkartea, Dobera Euskara Elkartea, Donostiako Komunikabideak EM, Durangaldeko Herri Komunikabideak, Elgoibarko Izarra Kultur Elkartea, Eta Kitto! Euskara Elkartea, Euskal Birusa Kultur Elkartea, Galtzaundi Elkartea, Geu Gasteiz Elkartea, Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkartea, Goierritarra Kultur Elkartea, Gure Txeru Kirol eta Kultur Elkartea, Illati Euskara Elkartea, Karenka Komunikazio Elkartea, Karkara Kultur Elkartea, Mailope Kultur Elkartea, Manuel Larramendi Kultur Bazkuna, Maxixatzen Euskara Elkartea, Noaua! Kultur Elkartea, Pil-Pilean Kultur Elkartea, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa, Totoan Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioa, Ttakun Kultur Elkartea, Ttipi-Ttapa Fundazioa, Txaparro Kultur Elkartea, Uztarria Kultur Koordinadora, Zenbat Gara Elkartea, Zertu Kultur Elkartea.
2004ko azaroa