Getxon %4 dira espainiar estatutik kanpokoak eta horiek emakumeak gehien bat

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 24a, 23:33

Getxo udalerriko biztanleen artean 3.327 lagun dira espainiar estatutik kanpoko atzerritarrak eta horietatik hirutik ia bik 25 eta 44 urte artekoak dira, egunotan egiten ari diren "Getxotik Mundura-Mundutik Getxora" jardunaldien baitan gaur goizean aurkeztu den azterlanean jasotzen denez. "Atzerriko immigrazioa eta tokiko administrazioa Getxon" izenburupean, 2003ko martxoan egin zuten ikerlana Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), tokiko Gizarte Zerbitzuek eskatuta, eta 2004ko uztailean eguneratutako datuak ere jasotzen ditu. Argazkian, Iñaki Urkiza Gizarte Zerbitzu zinegotzia; Cristina Blanco, Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktore, EHUko irakasle, Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendari eta gaur aurkeztutako azterlanaren egilea; Iñaki Zarraoa alkatea eta Angel Elías Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuordea (ezkerretik eskuinera).

Aurkezpenean adierazi dutenez, Getxon etorkinek izandako hazkundea eta horien jatorria anitza dela da aipagarriena. Gaur egun, 87 nazionalitate ezberdinetako lagunak bizi dira herrian. Hala ere, atzerritarren %90 hogeita hiru herrialdetatik baino ez da etorri. Gainera, 3.327 pertsonetatik, 2.680 Europako Batasunetik kanpokoak dira eta horietatik %59,5 emakumeak. Amerikar jatorria dutenek osatzen dute talderik jendetsuena eta euren presentzia gehien areagotu dutenak dira. Nagusiki kolonbiarrak, ekuatoriarrak eta bolibiarrak dira, azken hauek etorritako azkenak direlarik.

Erroldaturik dauden ia hiru atzerritatik bik 25 eta 44 urte arteko adina dute -lanerako gaitasun handiena izaten den adina eta normalean seme-alabak izateko aldia- eta ondorioz Getxoko biztanleria gazteagotzen ari dira, udal arduradunen hitzetan. Lana eta etxebizitza aurkitu eta agirien auzia konpontzea omen dira hauen eskari nagusiak, azterlanaren arabera.

Immigraziorako Tokiko Plangintza

Getxoko ikastetxeetan matrikulaturiko ikasleen %6,59 atzerritarra da, nagusiki haur eta lehen hezkuntzatan, eta batez ere, sare publikora eta A eredura jotzen dute. Aurkeztutako azterlanak esku-hartzerako proposamenak jasotzen ditu bizilagun berrien beharrizanei erantzuna emateko eta Immigraziorako Tokiko Plangintza baten beharra ere azpimarratzen du, "egitasmoak bildu eta zeharka immigrazioaren fenomenoari arreta eskaini diezaion, udalerriarentzat gertakari ona dela kontutan hartuz".

Egitasmo horren bitartez, "udalerrira iristen diren etorkinak ezezik gainontzeko hiritarren inplikazioa ere lortu nahi da herriaren etorkizuna eraikitzeko, udalerri aberatsagoa alegia, bertan bizi garen pertsona guztien ezaugarri eta jatorrien ekarpenari esker", Iñaki Zarraoak alkateak azaldu duenez. Izan ere, ezaugarri hauetako udal gizarteratze politikak abiatzerako orduan "aitzindaria" da Getxo Iñaki Urkiza Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren hitzetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun