Uribe Kostako Askatasunako kideen informazioaren arabera, Ibai Aginaga Langraitzeko presondegitik ekarrita, epaiketa goizeko 10:30ean hasi zen. Aginagaren 21 senide eta lagun sartu ahal izan ziren epaiketa gelan eta beste hamar bat kanpoan itxaron behar izan zuten. Aretoan hiru ertzain izan ziren Aginaga zaintzen.
Prozesuarekin hasi baino lehen epailea, berau erdalduna, Aginagari galdetu zion ea eskatzen zuen epaiketa euskaraz egitea eta, beraz, fiskala eta epaile euskaldunak behar zituen ala itzultzailearen bidezko sistema onartuko zuen. Berangoztarrak berak euskaraz egingo zuela eta besteek zer egiten zuten berari bost erantzun zuen, itzultzailea eta epaile, idazkari zein fiskal erdaldunen presentziari oztoporik jarri gabe.
Fiskalak egindako galderak erantzuteari uko egin zion Aginagak. Defentsaren galderei, aldiz, aise eman zizkien arrapostua. Horren ostean, epaileak berak bi galdera egin zizkion berangoztarrari eta honek uko egin zion erantzuteari.
600 pertsona Telletxeko kontzentrazioetan
Ondoren, hiru ertzainek deklaratu zuten, banan-banan, beraien nortasuna bionbo batek babestu zuela. Lehenengo poliziak 2000ko martxoan PPk eta PSE-EEk Telletxen deitutako kontzentrazioan 300 bat pertsona egon zirela esan ondoren, aurrean egin zen kontra-kontzentrazioan beste 300 pertsona batu zirela baieztatu zuen. Horrek eragin zuen auziperatuak barrez lehertzea eta epaileak Aginagari errierta egitea. Dena den, lehenengo deklarazioan ertzain horrek Telletxen 30 pertsona zeudela esanda zeukan eta kontra-kontzentrazioa Senideak elkartearen ohiko kontzentrazioa zen. Era berean, ertzainak Aginaga ezagutu ezagutzen zuela eta inguruetan zegoela deklaratu zuen. Aldiz, kontra-kontzentrazioan bertan ez zuela ikusi esan zuen, elkarretaratze hori bukatu ostean baizik.
Bigarren ertzainak emandako lekukotasunaren arabera, ez zuen Ibai Aginaga ezagutzen eta beraz ezin zuen esan Telletxeko istiluetan egon zenetz, baina lankide batek Aginaga bertan egon zela esan ziola eta, gainera ezagutzen zuen Kepa Saratxaga bertan zegoela kuadrilarekin. Horren aurrean, epaileak gogoratu zion epaitzen ari zena Ibai Aginaga zela eta ez Kepa Saratxaga.
Hirugarren ertzainaren aburuz, Aginaga kontra-kontzentrazioan egoteaz aparte, pankarta sostegatzen egon zen eta hainbat lelo oihukatu zuen, besteak beste, PP-PSOE, faxistak, Euskal Herritik kanporatuko zaituztegu, PP-PSOE, terroristak eta politikari bati behin eta berriro faxista deitu ziola.
Lekukoen txandaren ostean fiskalak berriro ere bost asteburuko etxe-atxiloketa eskatu zuen. Aginagaren abokatuak, aldiz, absoluzioa eskatu zuen.
Epaiketa bukatuta, Aginaga bere ama, osaba eta lagun batekin egon ahal izan zen. Ondoren, Langraitzera eraman zuten gaur bertan Alcalako presondegira lekualdatzeko.
Berri gehiago honen inguruan:
Ibai Aginaga Berangoko presoa Euskal Herrira ekarriko dute Bilbon epaitzeko(2004 aza 21)