Udal Aurrekontua 2005

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 25a, 12:29

Urte bukaera gerturatzen ari delarik, datorren urteko udal aurrekontuei buruzko eztabaida ere mahai gainean eta kalean egon beharko litzateke. Mahai zabal baten gainean, non indar politiko guztiez gain udalerriko kultur, kirol eta gizarte taldeek eta herritarrek oro har parte hartu ahal izango luketen, eta kalean ere bai, parte hartze zabal horren ondorioz eztabaida eguneroko hizketaldietara zabalduko litzatekeelarik.

Errealitatea tamalez zeharo desberdina da, Getxoko herritarrok ez dakigu udal gobernuak hurrengo urterako zer aurreikuspenak dituen eta dena bazterketa politikoan oinarritutako gehiengo faltsua duen gobernu hirukoitz horren baitan egosten ari da. Esango digute hauteskunde programaren araberako kudeaketa egingo dela edo 2003-2007 agintaldiko kudeaketa plana eramango dela aurrera, baina denok dakigu hauteskunde kanpainetako promesak askotan ezerezean geratzen direla, 99an, hau da duela 5 urte ta erdi, Iñaki Zarraoak eta EAJ-EA koalizioak agindu zituzten 500 etxebizitza sozialak bezala. Kudeaketa itxia gainditu eta udal politiketan parte hartze herritarra bermatzen duten kudeaketa ereduak jarri behar dira martxan.

Bigarren plano batean eta beti ere datorren urteko udal aurrekontuen eztabaidari begira, hautespen unibertsalerako eskubidea urratuz, milaka herritarren boz eta babesa jaso duten hautes zerrenden legez kanporatzea dugu, Getxon Getxo Bizia herri plataformaren bazterketarekin gauzatzen ari dena. Hautespen unibertsalerako eskubideari eman zaion ostikoaren ondorioak desaktibatzeko proposamen zehatz eta errealista egin du jada Getxo Biziak. Aitor Lafuente Ezker Batuko bigarren kidearen dimisioa eta Getxo Bizia plataformako Pili Askorbebeitiaren izendapena legearen babespean egin daitezke. Borondate kontua baino ez da, orain arte udal gobernuko hiru taldeen aldetik ikusi ez duguna. Are gehiago, arduratsuen jokatu beharko lukeen Ezker Batua baldar eta arduragabe ari da jokatzen. Ez saiatu eztabaida desbideratzen, goizago ala beranduago puntu berera helduko gara eta!

Datorren urteko udal aurrekontuen eztabaidan Getxo Biziak gainontzeko udal talde politikoen informazio eta baliabideekin parte hartu nahi du, horretarako zilegitasun eta eskubide osoa du eta. Besteek egiten duten aldi berean aztertu eta horren inguruan proposamenak egin ahal izateko, udal aurrekontuen zirriborroa aurkeztu eta jorratuko den Ogasun Batzordeko bileretan parte hartzeko eta beste taldeekin batera dokumentua jasotzeko eskubide osoa dugu.

Guzti honengatik Getxo Bizia herri plataformak akordiorako hurrengo proposamenak egiten dizkio udaleko osoko bilkurari:

1) Abian jar daitezen udal aurrekontuen eztabaidan eta osaketan parte hartze herritarra bermatuko duten prozedura eta metodologiak.

2) Udal hauteskundeetan parte hartuz herritarren boz eta babesa jaso duten indar politiko guztiek 2005 urteko udal aurrekontuen eztabaidan berdintasunez parte hartzeko eskubidea dute. Aurrekontuen zirriborroa aurkeztuko den Ogasun Batzordeko bileran parte hartzera deituak izango dira denak salbuespenik gabe, guztiei ere zirriborroaren kopia emango zaielarik.

3) Getxoko herriak bere udalean dagokion ordezkaritza politikoa eduki dezan, udal honek 5/1985 LOREG legearen 182.2 artikuluaren bitartez ordezkaritza zilegia ezartzearen aldeko hautua egiten du, Aitor Lafuente Ezker Batuko bigarren ordezkariaren dimisioaren ondoren Pili Askorbebeitia Getxo Bizia hautes zerrendaburua zinegotzi izendatua izan dadin.

Getxon, 2004ko azaroaren 22an
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun