Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (EHIGE) antolatutako ekimenak, ikasle bakoitzeko euro bat biltzeaz gain, saharar herriarekiko elkartasun sentimendua bultzatu nahi du. Eta Zarraoak azaldu duenez, "aktiboki" parte hartzen du Getxok elkartasun kanpaina horretan.
Besteak beste, Saharako familien eskerrak igorri dizkie udal agintariei Bachir Mustafa Sayed-ek. Esan duenez, "Getxo oso ezaguna da Saharan, udan haur gehien hartzen dituen udalerria delako eta hainbat egitasmotan laguntzen duelako". Halaber, "Marokoko Erresumarekin duten gatazka konpontzeak dakarren fustrazioak gaindituz", saharar herria "kementsu" dagoela oraindik adierazi du Hezkuntza ministroak. Eta bitartean beren lurraldea lortzen dutenerako euren buruak prestatzen segitzen dutela gaineratu du.
Itxaropentsu
Zentzu honetan, itxaropentsu agertu da Bachir Mustafa Sayed, Hego Afrika bezalako herrialdeen onarpena jaso berri dutelako, Venezuelak emandako dirulaguntzak direla edota Marokon sortu den iritzi korronte berriagatik. Horren bultzatzaileak gatazka behin betiko konpontzeko erreferendum baten alde agertu dira.
Maima Mahmud Dajlako Emakumeentzako Hezkuntza Eskolako zuzendariak, berriz, mota honetako zentroetan egiten ari diren lana azpimarratu du. Ikasitakoaz gain, emakumeek saharar herriaren borrokan duten paperaren duintasuna goraipatzen delako.