Musika, pailazoak eta bertsolariak asteburu honetan Getxoko Euskara Jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 26a, 17:27

Getxoko VI. Euskararen Jardunaldien eskutik ekitaldi anitz izango da asteburuan zehar. Musikaz, pailazoez eta bertsolariez gozatu ahal izango du publikoak hiru egunetan zehar. Gaurkoan, musika eta graffitiak uztartzen dituen "Gaztejainahaste" ikuskizuna egongo da Areetako Xake plazako karpan. Arratsaldeko bostetatik zortzietara graffiti erakustaldia izango da eta, horren ostean, Selektah Sound System taldeak, Afrika abeslari algortarrak eta DJ Axularrek kontzertu bat eskainiko dute. Ekintza honetarako sarrera doakoa da.

Bihar, ETBko Betizu taldeko haurrak arituko dira Areetako Xake plazan, 19:00etatik aurrera. Igandean, berriz, haurrentzako saioa izango da leku berean, Pirritx eta Porrotx pailazoek "Patata patata!" ikuskizun berria eskainiko baitute. Saioak eguerdiko hamabietan eta arratsaldeko bostetan izango dira eta sarrerak agortuta daude jada.

Halaber, 17:00etan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren finalerdia izango da Algortako Getxo Antzokian. Bertan, sei bertsolari arituko dira finalerako sailkapena eskuratzeko helburuarekin.

"Habla en cristiano"

Beste alde batetik, Sabino Arana Kultur Elkargoko Abertzaletasunaren Euskal Museoak antolatutako "Habla en cristiano" erakusketa egongo da ikusgai azaroaren 30etik abenduaren 19ra bitartean, Algortako Torrene kaleko BBKren bulego zaharrean.

Antolatzaileek adierazi dutenez, euskarak historian zehar, baina bereziki "frankismoaren sasoian jasan izan dituen errepresioa eta jazarpen-estrategia zenbaiten ondorioak" erakutsi nahi ditu ekimenak. Horretarako ibilaldi bat egiten da gerra ondorengo urteetan Euskal Herriko edozein leku izan zitekeen herri batean zehar.

Ondoren, trantsizioa irudikatzen duen tunel bat igarota, gaur egunera iristen da ikuslea. Hor, euskara "esparru guztietan moldatzea ahalbidetzen duen hizkuntza" bat da, aipatu iturriek prentsa ohar bidez azaldu dutenez.

Erakusketa astelehenetik ostiralera bitartean bisitatu ahal izango da, 10:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldez; larunbatetan, berriz, 10:00etatik 14:00ak arte eta 18:00etatik 21:30ak arte egongo da irekita. Igande eta jai-egunetan itxita egongo da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun