Getxo Biziaren eskaerak berriro ere zakarrontzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 26a, 22:04

1) 2005 urteko aurrekontuei buruzko mozioa

Datorren urteko aurrekontuak direla eta, hauek landu, eztabaidatu eta osatzeko prozedura parte hartzailea aldarrikatuz aurkeztu du mozioa Getxo Bizia herri plataformak, baina PP eta PSOEren aginduetara makurtuz, berriro ere gaiordenetik kanpo utzi du alkateak Getxo Biziaren mozioa.

2) Jendaurreko erakustaldian zehar zerga ordenantzak erderaz

175. puntuan udal tasa eta zergen aldarazpenak behin betiko onartu ditu udal batzarrak. 262 herritarrek sinatutako erreklamazioak atzera bota dituzte, baina ez hori bakarrik. Jakin nahi genuke zergatik ez diren normaltasunez tramitatu 30.178 eta 30.180 sarrera erregistro zenbakiekin azaroaren 11n aurkeztutako idazkiak.

Idazki hauetariko batean Getxo Biziak salatu egiten du iraileko behin behineko onespenean eta jendeak aztertzeko denbora epean zehar zerga ordenantza guztiak eta hauei dagozkien txosten ekonomikoak erdara hutsean egon direla, euskaldunon hizkuntza eskubideak larriki urratuz.

Horrez gain estolderia tasaren tarifa %7an baino gehiago aldarazteko asmoa azpimarratu dugu, kontsumitutako metro kubiko bakoitzeko 0.14tik 0.15ra hain zuzen ere, datu hau izkutatzen zen bitartean: txosten ekonomikoak %3,5eko igoera aipatzen du, herritarrari egiazko datua izkutatuz eta okerreko ondorio ekonomikoak ateraz.

Arrazoi hauek direla medio, Getxo Biziak zerga ordenantzen behin behineko onespenaren baliogabetasuna aldarrikatu du aipatu alegazioan.

Bigarren idazkia Pili Askorbebeitiak aurkeztutakoa da, eta zerga ordenantzen aldarazpen guztiak behin behingoz onesteko Getxoko Udaleko Osoko Bilkuraren akordioak eskubide osoz deusez edo nulo deklaratu daitezen eskatzen dio Udaleko Osoko Bilkura berari, erdara hutsez idatzitako zerga ordenantzak onetsiz eta jendaurreko tramitazioan zehar hala erakutsiz, 82ko Euskararen Legearen 8. artikulua urratu izan delako gutxienez.

Getxo Biziaren alegazioa eta Pili Askorbebeitiak aurkeztutako deuseztasun eskaerak zakarrontzian egon dira, Getxo Biziak zerga ordenantzen behin betiko onespenerako 175. puntuko testuan aipamenik ere ez zitzaiela egingo jakin izan duen arte. Gure atzoko ohartarazpenaren ondorioz gaur bertan ez ohiko batzorde informatiboa antolatu dute eta idazkien eskaerei ezetza erantzunez beste paragrafo bat sartu dute puntu honetan.

Getxo Biziak gogorki salatu nahi du euskarak Getxoko Udalean duen presentzia eskasa eta betetzen duen apaingarri papera. Edozein gaiko jendaurreko erakustaldian zehar dokumentazioa erdera hutsean egotea ohiko praktika da eta zerga ordenantzen behin behineko onespenaren deusez edo baliogabetasuna aldarrikatu dugunean, gure protesta izkutatu nahi izan da. Aldi berean salatu nahi dugu Ina Etxebarria, Getxoko Udaleko Idazkari Orokorra eta EAJ-ko militante ezagunak alegazioak atzera botatzeko bete duen paper aktiboa.

Hizkuntza eskubideak defenditzearren zorrozki aztertuko dugu gaur zerga ordenantzen inguruan ebatzitakoa eta epaitegietara jotzeko aukera ere ez dugu baztertzen.

Idazkiak irakurri:

Zerga ordenantzen aldarazpenaren behin behineko onespenari alegazioa

Getxoko Udalaren osoko bilkurari

Gaien inguruko berriak:

Aurrekontuen osaketan parte hartu nahi du Getxo Biziak (2004 Aza 24)

Tasa berrien kontrako alegazio kanpaina abiarazi du Getxo Biziak (2004 Aza 05)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun