Zuekin konpartitu gura dut frontoia bete jenderen aurrean hanka sartzearen esperientzia. Puntuari eman nizkion bi erantzun tangentzial kenduta polito zihoan azterketa. Txapelketan gozatzen ari nintzen beste behin ere. Bertsotan aritzeko bitarteko eta helburua. Baina nire patu tragikomikoari gustatzen zaion eran, azken bertsoko azken berban zain neukan partxiseko garezurraren laukitxoa. Berriro hastera? Baliteke. Baina bi urte barru arte ez dago partxisik. Eskuzabalegia izateagatik gertatu zitzaidan. Nori bururatzen zaio hirugarren puntuan arnasa hartu eta gero seigarrenean ematea? Marxek txalotuko luke, agian. Egia esan, ez dago bizitzerik arnasa hartu eta gero berriro haizeari eman barik. Tabakoa utzi beharko dut.
Berria egunkarian 2004ko azaroaren 26an argitaratutako iritzi-artikulua