Bestalde, Edurne Brouard Korrika 14ren arduraduna ere oso pozik agertu da, bai Afrikak kanta egitearen ardura beraren gain hartzeagatik, bai emaitzagatik ere, bere ustez korrika honek gizarteratu nahi duenaren isla baitira bai Afrikak egindako abestia, bai Afrika bera ere.
Korrika honek euskaldun berriak omenduko ditu, eta, Brouardek gogoratu duenez, "Afrika euskaldun berria da,AEKn hasi zen euskara ikasten". Korrika 14ren arduradunaren hitzetan, "euskaldundu bakarrik ez, euskaraz kantatuz euskal musikagintzari ekarpena egiten dio; euskal musika doinu berriekin berritzeko kapaz izan da".
Irungo AEK-ko beteranoak
"Ni ere bai" Korrika 14ren abestia, "Irungo AEK-ko beteranoak" izena duen CDan egongo da, propio bilduma honetarako sortu edo berreskuratu diren hainbat kantu orain arte argitaratu gabekoen artean. Kuraia, Minxoriak, Kortatu edota Joxe Ripiauren doinuak daude entzungai "Irungo AEK-ko beteranoak" CDan.
Korrika 14ren mezuak, norbanakoaren konpromisoa, eta Korrika 14ren omenaldiak, euskaldun berriei egindako esfortzua eskertzeko asmoz, bat egiten dute kantu bilduma honen egitasmoan. Irungo AEK-euskaltegiko beteranoek badakite zer den euskara ikastera joatea euskaltegira eta eguneroko norbanakoaren ahaleginarekin 'euskaldun berri' izatea.
Irungo euskaltegiak, gainera, berezitasun bat dauka: bertatik igaro dira euskal musikari handienetariko asko, eta horiei esker, euskaraz abesten ikasi ahal izan da estilo guztietan, baita rock doinu gogorretan ere.
Horren kontura, orain dela hilabete batzuk Irungo AEK euskaltegiko irakasle batzuk asmoari bueltak ematen hasi ziren, eta Fernando Sapok (Kuraia) aurkezpenean azaldu duen legez, "disko honen asmoa guretik pasatako ikasleak nola edo hala elkartzea izan da".
"Kontuan harturik ikasle musikari asko pasa dela etxe honetatik, denon artean disko bat argitaratzea ideia ona izan zitekeela bururatu zitzaigun. Une hartan ez genekien, ordea, guri hain zoragarria iruditutako ideia zenbateraino zen egingarria. AEK-ri eman genion gure asmoaren berri. Korrika 14k eta disko honen filosofiak bat egiten dutela aintzat harturik, guztiok ere oso egoki ikusi genuen bi hauek bertan uztartzeko aukera", adierazi du.
Edurne Brouardek esan duenez, "eurena da ekimena eta AEKrena korrika 14ren abestia gehitzeko proposamena". "AEK-ko beteranoak+korrika 14" diskoa Metak disketxeak kaleratzen du. Guztira 19 abesti batzen dituen bildumada; 18 beteranoenak dira eta 19.a Korrika 14ren kanta.