Arteako zinema-aretoetan estreinatuko da "Supertramps" animaziozko euskal filma

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko aza. 30a, 20:29

Irusoin, Dibulitoon Studio, Barton Films eta EITBk ekoizturiko "Supertramps" animaziozko euskal film berria ostiral honetan estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema-areto garrantzitsuenetan. Horrela, Bilbon (Ideal), Durangon (Zuga), Donostian (Principe), Gasteizen (Florida), Leioan (Artea) eta Iruñean (Principe) izango da ikusgai filma. Iñigo Berasategik eta Jose Mari Goenagak zuzenduriko animazio-filma da "Supertramps". Hiriko animalia marjinal eta deserrotu batzuek osatzen duten taldearen abenturak kontatzen ditu.

Chung-I-Fly (Ekialdeko uso bat), Paulov (Europa ekialdeko arratoi bat) eta Ramon (Karibeko labezomorro bat) pertsonaiek, arkakusoz jositako Tano katu beltza gidari dutela, behartsu talde bitxia osatzen dute. Euren izaera dela medio, miserian bizi dira, eta egoera horretatik ateratzeko ametsa dute.

Dena den, euren egoera bat-batean aldatuko da Gabonetako gau hotz batean, Nora, oso harroputza den katemea, etxe berrira zeraman kamioitik ezustean eroritakoan. Marjinatu-taldeko protagionistek laster jakingo dute sari ederra ematen dutela Nora bere etxera onik eramateagatik.

Bat-batean, zorigaitzetik libratzeko aukera ikusi du Tanok: Nora jabeei itzuli eta sari bikaina izango dute. Gauzak ez dira, ordea, hain errazak izango; izan ere, Nora kaskarina liluratuta geratuko da kaleko bizimodu kitzikagarriarekin, eta ez du inola ere jabeengana itzuli nahi.

Nola eraman halako kateme egoskorra etxera, berak nahi ez badu? Galdera horri erantzunez Tanok egiteko xelebrea asmatuko du: mundua salbatu beharko dute Urte Zaharreko kanpaiak jo baino lehen. Abentura bizitzeko grinaz, Norak besteekin ekingo dio bidaia harrigarri horri, benetan, etxera itzultzeko bidaiari ekin diola jakin gabe.

Gizarte-bazterketari buruzko mezua

Filma haurrei gaurko gaiei buruzko mezu bat bidaltzea du xede -kasu honetan, gizarte-bazterkeriaren gaiari buruzkoa-, entretenimenduaren eta umore onaren bitartez.

3Dko animazio-teknikak eta eskalan eginiko maketak konbinatuz egina, "Supertramps" filmak Pascal Gaigne konpositore ospetsuak sorturiko soinu-banda zaindua ere badu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun