"Habla en cristiano" Bilboko Foru Agiritegiko aretoan zabaldu zen 2001ean. Pili Calzada erakusketaren komisarioak azaldutakoaren arabera, Juan Carlos I Espainiako erregeak agerraldi publikoan "el español no ha sido nunca lengua de imposicion" esandakoaren harira, Frankismo garaia bizi izandako adineko gizon batek hainbat argazki eraman zizikienean hartu zuten hura antolatzeko erabakia. Euskal izenak mailuz apurtuta eta gainean erderaz margoztuta zeukaten hilarriak ikus zitezkeen irudi horietan. Hortik aurrera, garaiko agiriak eta edadetuen testigantzak batzen hasi ziren. Hain zuzen ere, horiek ikusentzuteko aukera egongo da Torrene kaleko aretoan.
"Ez da soilik atzoko kontua"
"Iraganaz gogoeta egiteko aukera emateaz gain, gaur egun puri-purian dagoen gai baten inguruan hausnarketa egiteko aukera ematen du erakusketak", Calzadak adierazi duenez. Izan ere, bere hitzetan, euskararen aurkako jazarpena ez da Frankismo garaikoa soilik, "aurretik eman zen eta gaur egun ere ematen da". Ildo horretan, gure hizkuntzak orain bizi dituen "zailtasunak eta eragozpenak garai horren ondorio" direla aipatu du Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak. Hala ere, bere ustez, "garrantzitsua da atzera begiratzea, nora jo behar dugun jakin eta gertatutakoaz ikasteko, baina gorrotorik gabe". Euskararen normalizazioa lortu bitartean, erakundeek "ahal duten guztia egiteko ardura" dutela gaineratu du.
Halaber, erakusketara hurbil daitezen, dei berezia egin die gazteei Zarraoak, "beren arbasoek jasan izandako sufrimenduaz hausnarketa egin dezaten, euskararen erabileraren geroa ahalbidetzerakoan erantzukizun haundia dutelako". Bere hitzetan, "euskara Europak duen ondare bizi garrantzitsuena da eta ezin dugu museo baten itxi betirako".
Euskal Herriko edozein herri
"Habla en cristiano" erakusketa hiru eremutan zatituta dago banaketa kronologikoa eginez. Erakusketaren egitura-euskarri nagusia Euskal Herriko edozein herri da gerra osteko urteetako edozein egunetan. Berau girotzeko, frankismoren garaiko herritarrek emandako hainbat idatzi, agiri eta elementu garrantzitsuak erabili dira: enparantza bat, eliza bat, hilerri bat, tren geltoki bat, udaletxe bat eta eskola bat atondu dira, mural, bitrina eta beste hainbat apaingarriekin.
Gaiaren inguruko berriak:
Erakusketa iragartzeko irudia kendu dute, "iraingarria" izan daitekeelakoan